Isuntzak Donostiako XIX. Estropada Herrikoia lehiatuko du
Isuntzako gazteek bigarren urtez jarraian parte hartuko dute Donostiako XIX. Indoor Arraunketa Estropada Herrikoian.
Zapatuako ergometro proba horretan Lekeitioko taldea izango da Lea-Artibaiko arraun taldeetatik ordezkaritza bakarra.
Kategoria desberdinetan lehiatuko dira arraunlariak, 16:00etatik aurrera. Benta-Berri kiroldegian elkartuko dira parte hartzaileak. 12 urtera artekoek 2 minutu egin beharko dituzte ergometroan. Horien ostean, 13-16 urte bitarteko gazteen txanda izango da, eta 1000 metro egin beharko dituzte. Amaitzeko, 17 urtetik gorakoek 2000 metro egingo dituzte.
Isuntzatik 9 kimu, 8 haur, 14 kadete eta 6 gazte joango dira Donostiara. Arraun taldeko ordezkariek azaldu dutenez, helburu zuzena ergometro proba egitea bada ere, arraunlariek ondo pasatzea ere garrantzitsua da: “Eta beraien arteko harremanak sendotzeko ere baliagarria izango dela uste dugu”.
Sari banaketa. 16:00etan hasi eta lau bat ordu iraungo ditu txapelketak. Guztira 27 txanda banatu dituzte. Azken tanda 19:54an hasiko da , eta 20:00ak aldera hasiko da sari banaketa ekitaldia.
20 makinetan lehiatuko dira, baina arraunlariek beroketa egiteko edo entrenatzeko ere makinak jarriko dituzte.