Talde ekologistak salatu duenez bandera
frantses eta irlandarrak dituzten ontziak legea hausten ibili dira zenbaitetan. Nazioarteko uretan arrantzatzen dutenean, arrantzua legezkoa dela diote baina kostatik
12 milia baino gutxiagora arrantza teknika hori erabiltzea
legez kanpokoa dela gogorarazi dute Eguzkikoek.
Espainiako Gobernuak zein Eusko Jaurlaritzak debekatuta daukate ontzi hauen jarduna,
bazterkin ugari sortzen dituztelako. Ekologistek azpimarratu dute sare pelagikoek futbol zelai baten tamainako ahoa dutela eta horrek arrantzatu nahi duten espezieaz gain beste hainbat ere sarean erortzea eragiten duela, “tartean babestuta dauden hainbat”:
izurdeak, baleak, dortokak eta ezpata arrainak esaterako. Gaineratu dute, espezie hauek uretara bueltatzen dituztela gero, “hilik baina, sarean datorren arrantzu pisutsuaren ondorioz”.
Ontzi pelagiko bat arrantzan. Argazkia: Eguzki
“Arrantza pelagikoa lege barruan egiten denean ere ez da iraunkorra, arrantza-tokiak eta ekosistemak agortzen dituelako”. Hori ikusita, bi administrazioei
erantzukizun gehiago eskatu die Eguzkik; ikuskapen gehiago, bazterkinak kontrolatzea, kuotak betetzen ote dituzten ikustea eta lehorreratze prozesuaren kontrol zorrotzagoa hain zuzen ere.
Zigilua. Eguzkik gogorarazi du
kontsumitzaileek gehien erosten duten hegaluzea pelagikoen bidez arrantzatutakoa dela, “hori baita kontserbagintzan erabiltzen dutena”. Horren aurrean, eta arrandegietan ere ontzi pelagikoek arrantzatutako geroz eta hegaluze gehiago saltzen dela ikusita,
kontserbetan saldutako hegaluzea pelagikoen bidez arrantzatutakoa ez dela bermatzen duen zigilu bat erabiltzen hastea eskatu dio Eguzki Talde Ekologistak Eusko Jaurlaritzari.
Ontzi pelagiko batek arrantzatutako hegaluzeak. Argazkia: Eguzki