Ana Porroche-Escudero Lancasterko unibertsitateko antropologo feminista eta Mari Luz Esteban Euskal Herriko Unibertsitateko antropologo feminista izango dira hitzaldia eskainiko dutenak bihar [azaroak 22] 18:00etan Etxelilan.

Ana Porroche-Escudero antropologo feminista. Argazkia: Lancaster Unibertsitatea
Cicatrices (in)visibles liburua katalanez idatzitakoa da izatez, baina duela gutxi gaztelerara itzuli berri dute. Bularreko minbiziaren inguruan dihardu. Baina ohiko ikuspegi batetik jorratu beharrean, “ikuspegi feministatik” lantzen dute gaia: “liburua minbiziaren inguruan birpentsatzeko da”. Bularreko minbizia feminismotik lantzeaz gain, hainbat ikuspuntutatik ere helduko diote gaiari Porroche-Escuderok eta Estebanek: ikuspuntu medikoa, aktibista, bizipen pertsonalarena eta zientzia sozialetakoa besteak beste.
Ondarroako Udaleko Berdintasun sailak jakitera eman duenez, “hainbat adituk hausnarketa sustatu eta eraldakuntza sozial zein pertsonal prozesuak piztu nahi dituzte bularreko minbiziaren gaiaren bidez”, eta horregatik, biharko Etxelilako hitzaldian ere “hausnarketa zein eraldakuntza prozesu horretara batzeko aukera” egongo da.