0-16 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiek diru laguntza eskatzeko epea luzatu du Mendexako Udalak
Udalak urriaren 26an zabaldu zuen eskaerak aurkezteko epea. Azaroaren 17ra arteko epea zehaztu zuten hasieran, baina familiei bidalitako gutunak banatzerakoan arazoak izan dituztenez, diru laguntza eskaerak aurkezteko epea barikura arte [azaroak 24] luzatzeko erabakia hartu dute.
100 euroko laguntza Mendexan erroldatuta dauden 2001eko urtarrilaren 1etik 2017ko irailaren 30era bitartean jaiotako haurren familiei zuzendutako diru laguntza da.
Seme-alabek behar dituzten ikastetxerako materialak, jantziak edota bestelako beharrizanak ordaintzen laguntzea da helburua.
Eskaera orriak udaletxean edo udalaren webgunean (www.mendexa.net) eskuratu daitezke. Orria behar bezala beteta, eta izenpetuta aurkeztu behar da.
Diru laguntza jasotzeko baldintzak betez gero, ordainketa banku transferentziaren bidez egingo dutela jakitera eman dute, interesatuek eskaera orrian zehaztutako kontu korronte zenbakira, hain zuzen.