Alanisko ezbeharraren argi-ilunak
Alanizko tren istripua ezkutuan egon da. Ez dago gertaeraren dokumentaziorik trenbide enpresan ere.Ezkutuan. Gertaera iluna izan zen Alaniskoa. Presoez beteta zihoan trenak aurrez aurre jo zuen gerrako merkantziagaz beteta zegoen beste bategaz; preso gehienak hil ziren eta bizirik geratu zirenak larriki zaurituta egin zuten aurrera. Gainera, gertaera isildu egin zuten. Horrela, dokumentala egiteko ikerketekin hasi zirenean informazioa aurkitzea oso gaitza egin zitzaiela azaldu zuten Sabin Egilior zuzendariak eta ikerketen ardura izan zuen Jimi Jimenez Aranzadiko historialariak. Bidai hura egin zuen trenbide enpresan bertan ere ez zegoen gertaeraren dokumentaziorik. “2004an ez zegoen gai honi buruzko informaziorik. Gertaerari buruzko memoria eraiki behar genuen ezer izan gabe”. 2004 eta 2005 urteetan egin zuten ikerketa eta 2007tik 2009ra dokumentala. Sabotajea. Tren hartan joan zirenen senideek eskatuta hasi zuten ikerketa. Izan ere, gertaera hura sabotaje bat izan zela uste zuten. Bi edo hiru dokumentu aurkitu zituzten eta adituengana ere jo zuten gaia argitzeko, eta informazio guzti hori islatu zuten dokumentalean. Bai eta Alanisko hilerrian egin zen gorpuen bilaketa ere.

Jimi Jimenez Aranzadiko historialaria, Alberto Unamuno Ahaztuen Oroimena Elkarteko kidea eta Sabin Egileor zuzendaria gertaerari eta dokumentalari buruzko xehetasunak ematen.
Trenean joan ziren presoen senide batzuek gertaera sabotaje bat izan zela uste duteHerritarren ustez istripu bat izan zen gertatutakoa, baina, azken orduan, testigu berri bat aurkitu zuten, tren hartatik bizirik atera zen Romualdo Royo Jauregi, eta bere ustez, sabotaje bat izan zen dena, nahita jarri zuten merkantziaz betetako tren hura trenbidean. Alanisko ezbeharragaz gain, frankismoak gatibu lanetan izan zituen presoen joan etorriak, pairatu zituzten baldintza penagarriak eta enpresa batzuek zein agintari frankistek egindako presoen eskulanaren erabilpena ikustarazten ditu dokumentalak. 36ko gerrako eta frankismoaren ondorengo urteetako gertaera latz horiek guztiak gogora ekartzearen garrantzia azpimarratu zuten Uhagonen bildutakoek, eta egindako lana eskertu zieten Sabin Egilior eta Jimi Jimenezi.
