‘Buruak martxan’ tailerrak emango dituzte eskualdeko hiru udalerritan
Zainduz programaren barruan hainbat ikastaro eskaintzen ditu Lea Artibai Amankomunazgoak, eta horietako bat da pertsona nagusiei zuzendutako Buruak martxan izeneko tailerra.
Oraingo honetan Lekeitioko, Berriatuako eta Ziortza-Bolibarko Jubilatuen Elkarteetan emango dituzte tailerrak, eta Lea Artibai Amankomunazgoa osatzen duten 9 udalerrietako pertsona nagusiek parte hartu dezakete.
Hiru udalerrietan datorren astean egingo dituzte lehendabiziko saioak.
Lekeition eguaztenetan izango dira saioak. 17:00etatik 18:30era elkartuko dira Jubilatuen Elkartean. Azaroaren 29an eta abenduaren 13an eta 20an emango dute tailerra.
Berriatuan bariku arratsaldetan egingo dituzte saioak, Jubilatuen Elkartean. Abenduaren 1ean egingo dute lehen saioa, eta abenduaren 15ean eta 22an besteak. 16:30ean hasi eta 18:00ak arte egongo dira bilduta.
Ziortza-Bolibarko Jubilatuen Elkartean martitzen goizetan batuko dira herritarrak. 10:00etatik 11:30era emango dute tailerra. Azaroaren 28an, eta abenduaren 12an eta 19an izango dira saioak.
Zahartzaro aktiboa. Burua martxan tailerrak 60 urtetik gorako pertsonei bideratuta daude. Hain zuzen, autonomoak direnei, maila kognitiboan edota funtzionalean gabezi handirik ez dutenei eta zahartze-aktibo egoki bat eduki nahi dutenei zuzendutako tailerra da.
Buruko jardueraren programa honetan garunaren hainbat funtzio landuko dituzte. Hala, besteak beste, orientazioa, hizkuntza, memoria, arreta, kalkulua, praxiak, pentsamendu abstraktua, pertzepzioa, arrazonamendua eta logika eta funtzio exekutiboak kontzeptuei buruzko saioak izango dira. “Hainbat ikerketak ondorioztatu dute entrenamendu kognitiboak eta praktikak adinarekin lotutako beherakada kognitiboaren alderdi batzuk lehengoratu ditzaketela”.
Tailerrei buruzko informazio gehiago jaso gura dutenek 94-616 9078 telefono zenbakira deitu dezakete.
Zainduz programa. Menpekotasuna duten senideen garapen pertsonalaren sustapena, bolondresen parte hartzea eta zerbitzu sozialek egiten duten babes psikosoziala sustatzea dira Zainduz programaren helburuak.