Urrian Bilboko Arriaga antzokian euskaraz estreinatu eta gero, bihartik aurrera [azaroak 23] berriro ere Arriagan ikusteko aukera edukiko dute herritarrek. Oraingoan, baina,
gaztelaniazko bertsioa eskainiko dute. Sarrerak salgai daude
Arriagaren webgunean. Azaroak 23an, 24an, 25ean eta abenduaren 2an 20:00etan eskainiko dituzte saioak, eta azaroaren 26an 19:00etan. Hilaren 28an taldeei zuzendutako saioa eskainiko dute, 11:00etan.
«Arriagan euskaraz estreinatu eta gero Bartzelonara joan ginen, eta handik Gasteizeko antzerki jaialdira salto egin genuen», azaldu du Ainhoa Etxebarria aktore ondarrutarrak. Bartzelonan ere euskaraz antzeztu zutela esan du Etxebarriak. «Azpitituluak katalanez zeuden. Dena dela, Bartzelonan ikusi zuten batzuek esan ziguten momentu batean azpitituluak irakurri ere ez zituztela egiten eta aktoreok transmititzen genuenarekin geratzen zirela».
Ondarrutarraren berbetan, ikuslegoa ohituta dago Shakespeareren testu bat gazteleraz entzutera, ez ostera euskara jasoan idatzita dagoen testu bat entzutera. «Dena dela, aktoreok agertokian erakusten dugun indarra bai nabaritu dute».

Ainhoa Etxebarria aktore ondarrutarra.
Oro har, ondarrutarra oso gustura dago Obabakoak antzezten. Eta Arriagan egon eta gero
Donostiako Victoria Eugenian ariko direla gaineratu du. «Zenbat eta saio gehiago eskainik, orduan eta gehiago gozatzen dugu. Izan ere, obrari eskua hartu eta gero, antzezten dugun lekuagaz gozatzen hasten zara».
Obabakoak obragaz amaitu eta gero, Etxebarriak
Tres mujeres obra ere estreinatuko du urtarrilean Arriagan, Ylenia Bagliettogaz batera.