Bermeok eta Gernikak arreta integralerako bulegoak edukiko dituzte
Arreta osatuagoa eta zuzenagoa eman asmoz ezarri nahi ditu bulegoak Bizkaiko Foru Aldundiak. 2018ko udaberritik aurrera jarriko ditu; lehenengo Bermeokoa eta ondoren GernikakoaIazko azaroan Durangon egin bezala, 2018ko udaberritik aurrera, Bermeon eta ...
Arreta osatuagoa eta zuzenagoa eman asmoz ezarri nahi ditu bulegoak Bizkaiko Foru Aldundiak. 2018ko udaberritik aurrera jarriko ditu; lehenengo Bermeokoa eta ondoren Gernikakoa
Iazko azaroan Durangon egin bezala, 2018ko udaberritik aurrera, Bermeon eta Gernikan ere eskualdeko arreta integralerako bulegoak jartzeko asmoa daukala aurreratu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Horien bitartez, «arreta osatuagoa eta zuzenagoa» eskaini nahi du; izan ere, ezaugarri sozial eta geografikoak kontuan hartuta, «funtsezkoa» du Busturialdeak bulego bi horiek edukitzea.Gernika-Lumoko bulegoa 2017rako prest izatea aurreikusi bazuten ere, Bermeokoa izango da lehenengo jarriko dutena, eta azken hori martxan dagoenean jarriko dute Gernikakoa; izan ere, azken horretan badaude bi foru bulego; Ogasun Sailekoa bata, eta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saileko Nekazaritza Zuzendaritzari lotutakoa bestea.
Aldundiak azaldu duenez, Bermeok dituen ezaugarriak «erabakigarriak» izan dira udalerri horretan abiaraziko den esperientzia pilotua hasteko. Batetik, ez Bermeon ez inguruko herrietan ez dago foru bulegorik; gainera, okupatutako biztanleriaren mugikortasun tasa baxua da (%50), eta 65 urte baino gehiagoko biztanleen tasa nahikoa altua da (%22). Bulegoko espazioa egokituta dagoenean eta bertan izango diren langileen prestakuntza bukatzen denean jarriko dute martxan Bermeoko bulegoa.
46.000 lagunei arreta
Hala, 2018. urtean, modu mailakatuan jarri nahi ditu martxan aldundiak 46.000 bat herritarreri arreta emango dieten bi bulegoak. Horietan, hamaika izapide egiteko aukera izango dute herritar, elkarte, erakunde zein enpresek. Durangon jarritako lehenengo bulego integralak, esate baterako, Ogasuna eta Finantzak, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala eta Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako sailei lotutako 150 izapide egiteko aukera ematen du.
Urtebetean, Durangon 50.000 izapide inguru gauzatu direla eta horien artean eskari gehien izan dituztenak zerga zerbitzuak izan direla azpimarratu dute. Durangon martxan jarritako proba pilotu horregaz, hortaz, pozik dago aldundia, eta «positibotzat jo» du haren ibilbidea. Dena den, eta aurrera begirako bulego bi horietarako baliagarria izango delakoan, hobetu beharreko arloak aztertzen ari da.