Euskararen babesean
Euskararentzako lege babesa eskatzeko elkarretaratzera deitu ditu EHEk herritarrak; Gernika-Lumon gaur 19:30ean batuko dira, Merkurion.Hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen normalizazioan aurrerapausoak emateko eskatu du Euskal Herrian Euskara...
Euskararentzako lege babesa eskatzeko elkarretaratzera deitu ditu EHEk herritarrak; Gernika-Lumon gaur 19:30ean batuko dira, Merkurion.
Hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen normalizazioan aurrerapausoak emateko eskatu du Euskal Herrian Euskarazek (EHE), beste behin ere. Agerraldia egin dute asteon, euskararentzako lege babes egokia exijitzeko. Euskal Herriak hizkuntza politika egokia behar duela uste du talde euskaltzaleak, baita hori bermatuko duen baliabide instituzional egokiak ere. Hala, Euskaraz bizitzeari ateak ireki! Lege babes egokia euskararentzat lelopean, elkarretaratzea egingo dute gaur, Gernika-Lumon. Merkurio iturriaren aurrean batuko dira, 19:30ean.Euskara lehentasun izango duen hizkuntza politika egokia aldarrikatu du EHEk, gaur egun indarrean dagoen legeak gaur 35 urte bete dituela gogoratuz. Indarrean dauden marko juridikoak eta legedia goitik behera aldatu behar direla uste du EHEk: «Lege babes egokia behar dugu euskaraz normaltasunez bizi ahal izateko eta Euskal Herri euskalduna eraikitzeko». Talde euskaltzalearen iritziz, hizkuntza eskubideen ikuspegitik euskaldunen egunerokotasuna egun arautzen duten konstituzio, estatutu eta legeen balantzea negatiboa izan da. Araudi horiek, EHEren esanetan, euskararen lurraldea zatikatzeko, euskara mendeko egoeran kateatzeko, euskaldunon eskubideak urratzeko eta euskararen berreskurapena eta normalizazioa ahalik-eta gehien oztopatzeko helburuagaz sortu ziren. «Araudiok ez diete erantzuten euskarak bizi duen egoerari, ezta euskaldunon borondateari ere».
Beraz, aldaketa horiek eragiteko asmoz, herritar eta gizarte eragileei dei berezia egin die EHEk, herriz herri berreuskalduntzearen aldeko dinamikak biderkatzeko.
Neurri eraginkorrak
Aldaketak posible egingo duten euskararen espazioak berreskuratzeko eskatu du EHEk; euskaraz bizitzeko, hain zuzen ere.
Instituzioei, bestalde, neurri eraginkorrak eskatu die: besteak beste, hizkuntza politika egokia eta burujabea, euskara zehar-lerrotzat hartzea, Plan Estrategiko Orokorra adostea eta indarrean jartzea, baliabide instituzional nahikoak eskaintzea, administrazioa euskalduntzea, arnas-guneen babesa, ezagutza orokortzeko neurriak hartzea eta, batez ere, euskarari estatus juridiko egokia onartzea.