Eguna beltz etorri da gaur,
azaroak 25, emakumeek jasaten duten indarkeria matxista bezain beltz. Triste. Euriari aurre eginda, baina, ozen aldarrikatu dute
ehunka herritarrek emakumeek burujabe izateko daukaten eskubidea. Euskal Herriko Mugimendu feministak emakumeen kontrako erasoak salatzera deitu du, eta manifestazioak antolatu ditu Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan,
Zure egia gure eginez lelopean. Lelo horregaz bat egin dute baita ere Berriatuan, Iruñean egunotan egiten ari diren epaiketaren harira.
‘Guk sinisten dautsugu’ leloa erabili dute Lekeition.
Udaletxe atarian bildu dira Berriatuko Emakume Taldeak deituta, 13:00etan.
Nik sinisten dizut leloa ere presente izan dute: “Ez dago zalantzarik. Emakume batek dioenean erasotu egin dutela, erasotu egin dutelako da. Kontrola, konrol ekonomikoa, umiliazioa, irainak, ikutuak, horiek denak erasoak dira, eta hori argi izan behar dugu denok. Salaketa horiek dudan jarri beharrean, denok bat egin behar dugu, erasoekin amaitzeko. Orduro lan egin behar dugu elkarregaz, bakoitzak bere baliabideak erabilita”.
Lekeition ere,
Guk sinisten dautsugu leloapean elkartu dira eguerdian, Eskolapean. Ondarroan, ohi legez,
Emakumeen kontrako indarkeria gehiagorik ez aldarrikapenagaz bat egin dute Alamedan bilduta, eta Mutrikun,
Indarkeria matxistarik ez, nazkauta goz leloa erabili dute Goiko Plazan bildu direnek, erasoak behin betiko amaitzeko premia azaleratuz. Aulestin ere eguerdian egin dute elkarretaratzea.
Markina-Xemeinen eta Munitibarren iluntzean egin dituzte elkarretaratzeak.
Indarkeria matxistarik ez! lelopean elkartu dira munitibartarrak autobus geltokian; Goiko Portala izan da bestalde, markina-xemeindarren bilgunea. Emakumeenganako indarkeriari ezezkoa eman diote herritarrek eta Markina-Xemeingo Udalak onartutako
adierazpen instituzionala irakurri du Josune Baskaran zinegotziak.
Ondarroako Beldur Barik-en 1. kategoriako irabazleak. Argazkia: Ondarroako Udala
Beldur Barik. Ondarroako Udal Berdintasun Batzordeak atzo banatu zituen
Beldur Barik sariketako Ondarroako sariak.
Emakumeok zutik lanak jaso zuen 1. kategoriako saria, eta 2, kategoriakoa, berriz,
Ertzak bideoen egileek. Etxelilan egindako ekitaldian, aurten aurkeztutako lan guztiek izandako
maila altua nabarmendu zuten, eta esan zuten, igarri-igarria dela gazteak berdintasunaren alde hezkidetzan lan egiten ari direla. “Aupa zuek eta zuon beldur barik jarrera!”.
EGITARAUA, HERRIZ HERRI
LEKEITIO
- Abenduaren 13an. Volar dokumentala 11:30ean, ikastetxeetako ikasleentzat, eta arratsaldez, 18:00etan, herritarentzat, Ikusgarri Zinema aretoan. Emanaldia eta berbaldia.
MUTRIKU
- Azaroak 26. 14:00ak arte, Zabielen: Emakume raketisten inguruko erakusketa.
- Abenduak 5, 19:00etan, mahai ingurua, EMA gunean: Artea eta feminismoa, Amaia Caberorekin.
ONDARROA
- Azaroaren 30era arte. Actibismo feminista, mujeres en los margenes erakusketa. Feminismoa, artea eta kartzela. Itziar Moreno eta Oihana Garmendiaren lanak.
- Abenduak 1. 18:00etan, hitzaldia, Etxelilan. King Kong teoria, izen bereko liburuan oinarrituta. Hizlariak: Lorea Agirre, Idurre Eskisabel eta Ainara Lasa (Eskafandra).
- Abvenduak 14. 17:00etan, Volar dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia protagonistekin, Etxelilan.
- Abenduaren 1etik 17ra. King Kong ehiza erakusketa, Etxelilan. Ainara Lasaren argazkiak, Virgine Despentesen liburuan oinarrituta.
HONEKIN LOTUTA: Indarkeria matxista inoiz baino indartsuago salatzeko eguna [ERREPORTAJEA]