Madrilgo Erkidegoko zortzigarren probaren podiumaren gorenera igo dira asteburuan [azaroak 24 eta 25] Gorka Antxustegi pilotu markina-xemeindarra eta Alberto Iglesias kopilotua. Espainiako Errepideko Rally Txapelketako azken proban lortu du garaipena Antxustegik
Suzuki Swift R+N5 autoagaz, eta garaipen horrek gainera, Espainiako txapelketako sailkapenaren hirugarren postura igotzeko nahikoa puntu eman dizkio.
Espainiako Txapelketan hirugarren gelditu da markina-xemeindarra.
Irabazteko esperantzarik ez zeukatela aitortu du pilotu markina-xemeindarrak. “Aurten auto honegaz lasterketarik irabazteko esperantzarik ez geneukan. Ikusten genuen borrokan egin genezakeela, baina lasterketa guztien amaieran konturatzen ginen minutu eta erdira gelditzen ginela garailearengandik”. Hala ere, gogo askogaz joan zirela Madrilera nabarmendu du Antxustegik, izan ere, urtero, oso lasterketa ona egin izan dute bertan.
Gorka Antxustegi Madrilgo Rallyan parte hartzen. Argazkia: Suzuki
Lehen tartetik lider. Hasieratik jarri ziren aurrean eta hala mantendu ziren amaierara arte, aurkarien gaineko distantzia handitzen joan zirelarik. “Lehen tartean aurrean gindoazela ikusita, sinesten hasi eta garaipenaren borrokarako prestatu ginen”.
Hasierako tartea bustita zegoela zehaztu du pilotuak, baina asmatzen jakin zuten. “Jendeak ez zituen tokatzen ziren estalkiak jarri, guk berriz onak muntatu genituen, bustikoak, eta hor alde handia atera genuen, eta aurkariak ez ziren izan rally osoan gure kontra egiteko gai izan”.
Aurrean zihoazela ikusita
ohi baino bizkorrago ibili zirela ere azaldu du pilotuak. “Arriskatzeak balio izan zigun eta garaipena lortu genuen”. Egun biak gogorrak iruditu zitzaizkion Antxustegiri. “Barikuko lehenengo tartea oso korapilatsua izan zen, tentuz ibili behar zinen, eta hurrengo beste tarteak siku zeuden arren gu bustiko gurpilekin ibili ginen, nahastea eduki genuen hor baina konpondu ginen”.
Bigarren egunean bizkor ibili behar izan zuten atzetik zituzten-eta pare bat auto. “Abantailari eusteko bizkor ibili behar ginen, ohi baino gehiago, arreta mantenduta eta taldeko guztien babesagaz lortu genuen”.
Alvaro Lobera bere Porscheagaz izan zen mehatxu handiena Antxustegi eta Iglesiasentzat. “Tartetik tartera hurreratzen zihoan eta nahi arren ezin genuen kontrolatu. Dena ematen gindoazen eta hala ere Porscheak irabazi egiten zigun tarteetan”. Barikuan atera zuten abantaila berebizikoa izan zen beraz, zapatuan garaipena eskuratzeko. Gainera, lasterketa utzi behar izan zuen Loberak eta hor amaitu zitzaien benetako estutasuna, haren atzetik zetozenak 45-50 segundora zihoazen-eta. Horrela, azken tarteak kudeatu eta ondo amaitzeko aukera eduki zuten.
Madrilgo rallyko podiuma. Alberto Iglesias eta Gorka Antxustegi autoaren gainean. Argazkia: Suzuki
N5a txapeldun. R5 -ek ohi duten nagusitasuna gainditzea lortu du Antxustegik
Suzuki Swift R+N5-agaz. R5ak euren maila ematen dutenean irabaztezinak direla dio pilotuak. “Baina arreta galtzen badute edo gauzak ez bazaizkie biribil ateratzen gu atzetik gaude sakatzeko, eta ikusten da irabazteko aukera badagoela”.
Suzuki taldearentzat ere garaipen garrantzitsua izan da Madrilekoa. N5 batek Espainiako Txapelketan lortzen duen lehen garaipena historian geldituko da. Datorren urtera begira taldeagaz ezer zehaztu barik daukala aitatu du Antxustegik. Dena dela, datorren urtean ere gogoz errepikatuko luke. “Oso gustura gabiltza, familia handi bat gara eta giro ona daukagu, eta hori ere garrantzitsua da. Atzean jende asko dago laguntzen hau dena aurrera ateratzeko, eta denen artean lortutako garaipena izan da Madrilgoa ere; borroka asko eginda lortutakoa”. Hala, beste era batera gozatu dute:
pozik, emozioz beteta, ametsa lortuta.
Madrilgo Rallyaren Sailkapena
1. Antxustegi-Iglesias (Suzuki Swift), 1:23:23.9
2. Ares-Pintor (Hyundai i20), a 46.7
3. Burgo-Burgo (Skoda Fabia), a 55.3
4. Pelaez-Del Barrio (Ford Fiesta), a 1:09.9
5. Fuster-AviƱo (Renault Clio), a 1:34.7
7. Pernia-Del Barrio (Hyundai i20), a 1:56.6
Espainiako Txapelketako Sailkapena
1. Ivan Ares, 324,8 puntos
2. Pedro Burgo, 242,4
3. Gorka Antxustegi, 191,4
4. Surhayen Pernia, 183,4
5. Cristian Garcia, 176,4