Mutrikuko Elikagai Bankuak bilketa berezia egingo du Gabonen aurretik
Azken urteetan ohikoa denez, Gabon aurretik janari bilketa berezia egingo dute Elikagai Bankuko kideek. Kanpaina abenduaren 1ean eta 2an burutuko da Mutrikun. Helburua “gutxien dutenek Gabon duinak eta zoriontsuak igaro ahal izatea” izango da, antolatzaileek esan dutenez.
Hori gauzatzeko, herriko 20 dendatan mutrikuarrek euren ekarpena egiteko modua edukiko dute. Alde batetik, dendetako jakiak eta produktuak erosi ondoren zuzenean horretarako prestatuta egongo diren otarretan utzi ahalko dituzte, eta bestetik, dendetan egongo diren itsulapikoetan dirua sartuta, Mutrikuko Elikagai Bankuak “Gabonak hurbildutakoan janari freskoa erosi eta banatu ahal izateko”.Iaz Gabon aurretik Mutrikun egin zen kanpainan, 1.433 kilo janari bildu ziren, eta horrez gain DIA supermerkatuan beste 2.500 kilo jaso ziren. Aurten ere utzi ahal izango da janaria supermerkatuan, eta gero Bergaran dagoen biltegira bideratuko dute, gero handik banaketa egiteko.