Iaz jaiotako umeen familiek Kafe Antzokia bete dute
Iaz jaiotako 153 umeek eta euren familiek udalak domekan antolatutako jaialdian parte hartu zuten. Zenbait guraso agertokira igo eta euren umeen bertsoa irakurtzeko aukera eduki zuten.Iaz Bermeon jaiotako umeak, horien gurasoak, neba-arrebak, aitona-am...
Iaz jaiotako 153 umeek eta euren familiek udalak domekan antolatutako jaialdian parte hartu zuten. Zenbait guraso agertokira igo eta euren umeen bertsoa irakurtzeko aukera eduki zuten.
Iaz Bermeon jaiotako umeak, horien gurasoak, neba-arrebak, aitona-amonak…, horiek guztiak batu ziren joan den domekan, Bermeoko Kafe Antzokian. Izan ere, 2016an jaiotakoen liburua banatzeko jaialdia egin zuen udalak.Hortaz, 2016an jaio ziren 153 umeek eta euren familiek bertsolariek bereziki egindako bertsoa etxean jaso ostean, liburua ere badute esku artean. Domekan bertan jaso zuten, banan-banan, Bermeoko alkate Idurre Bidegurenen eskutik.
Liburu horretan ume bakoitzaren izen-abizenak, jaiotze-data, bertso-papera eta argazkia agertzen dira. Bertsoaren azpian, gainera, bertsoa egin duen bertsolarien izena aipatzen dute eta bertsoa kantatzeko doinua ere.
Amaia Artetxe kazetari bermeotarrak gidatu zuen aurtengo jaia, eta urtero egin legez, zenbait guraso agertokira igo eta bertsolariek euren umeei prestatutako bertsoak irakurri zituzten.
Asko eta asko dira jaialdi horretan batzen diren umeak, eta euren gozamenerako, Patxin eta Potxin pailazoak ere egon ziren jaialdian. Pailazoek, gainera, umeen parte hartzea eskatu zuten, zenbait unetan umeak agertokira igota. Jaiari amaiera emateko, bertaratutako guztiek familia argazkia atera zuten.
Ekimen horren bitartez, Euskara Sailak euskararen transmisioaz sentiberazi gura ditu gurasoak.