Energia burujabetzaren inguruko mahai ingurua egingo dute zapatuan [abenduak 2] Berriatuan, Lea-Artibaiko EH Bilduk antolatuta. Ekintza 10:30etik 13:00etara egingo da, kultur etxean. Barrizar eta Goienerreko ordezkariekin batera ariko da Mikel Otero Gabirondo (Alkiza, Gipuzkoa, 1972) EH Bilduren legebiltzarkidea ere.
Badirudi azkenaldian energia berriztagarrien alde egiten dutenak geroz eta gehiago direla. Errealitatearen zein irakurketa egin duzu zuk?
Nire iritziz, energia berriztagarrien gero eta zaletu gehiago daude gure herrian. Badirudi gure jendartean txertatu dela trantsizio energetiko baten beharra oso nabarmena dela. Batzuk aldaketa klimatikoaz kezkatuta, besteak kutsaduragatik…, arrazoi ugari daude energia berriztagarrien alde egiteko. Baina zaletasuna gauza bat da, eta errealitatea beste bat. Oso kontuan izan behar dugu Bizkai, Araba eta Gipuzkoako energia kontsumo osoaren %7a bakarrik dela berriztagarria, beraz, gauza bat da gogoa, bestea non gauden. Erregai fosilen mendekotasuna (petrolioa eta gasa %80) izugarria da gure herrian; ez da erraza izango egoera iraultzea.
Zeintzuk dira energia berriztagarrien onurak?
Energia berriztagarrien ezaugarri bat, beste onura askoren artean, iraunkortasuna da. Bai petrolioa, ikatza edo gasa, baliabide mugatuak dira, eta noizbait amaitu egingo dira. Gogoko izan ala ez, etorkizuna berriztagarria izango da, derrigorrez. Beste eztabaida bat da ea energia berriztagarriekin gaur egun ditugun kontsumo maila altuak izan ahalko ditugun ala ez. Txikikeria ez den gai hori alde batera utzita, energia berriztagarriek gutxiago kutsatzen dute, CO2 isuri gutxiago, aldaketa klimatikoa eragozteko baliagarriak, beraz. Horrez gain, energia berriztagarriak, gehienak, demokratikoagoak dira, edonork ipini dezake eguzki plaka bat bere etxean, azpiegitura erraldoien beharrik izan gabe. Eredu banandu batek energia garraio azpiegitura txikiagoa behar du. Tokian tokiko baliabideak aprobetxatzera bultzatzen gaituzte. Abantailak anitzak dira.
Gaur egun, gero eta enpresa gehiago daude energia alorrean. Zelan dago merkatua?
Energia alorrean eragile asko daude. Guztiok egunero behar dugun zerbait da. Baina, egia da, gaur egun energiaren kontrola oraindik enpresa erraldoi gutxi batzuen esku dagoela. Elektrizitatearen arloan oso argi ikusten da, baina petrolioa edo gasari begiratzen badiogu, oso antzekoa da egoera. Egia da, pixkanaka gauzak aldatzen ari direla, eta neurri handi batean energia berriztagarriei esker izan da hori. Ekoizle gehiago, energia hornitzaile gehiago, kooperatibak eta abar. Baina gobernuen erabakiak oraindik baldintzatuegiak daude enpresa erraldoiek esaten dutenera. Diru asko dago jokoan, eta ate birakariak ondo olioztatuta daude oraindik. Asko dago aldatzeko.
Energia berriztagarrien ereduak ere ezberdinak dira. Adibide batzuk emango?
Energia berriztagarri desberdinak aztertu ditzakegu. Tartean, hor dugu eguzkiaren energia, elektrizitate modura zein bero modura jaso eta erabili dezakeguna. Haizea, lurraren beroa (geotermia), biomasa, olatuen indarra, urarena, energia berriztagarriak aprobetxatzeko modu asko daude. Hala ere, garrantzitsua da bereiztea energia berriztagarrien eta eredu energetiko berriztagarri baten artean. Hau da, gaur egun dugun energia kontsumoa haizearen bitartez lortu nahiko bagenuke, beharbada, mundu mailan hainbat lehengaien eskasia eragingo genuke (platinoa, neobdimioa eta abar). Beraz, kontua ez da bakarrik energia iturri berriztagarriak behar ditugula. Bai, noski, baina hauek iraunkorrak izateko modua ere asmatu behar dugu.
Beraz, etorkizuna eduki nahi badugu, jendarte osoaren jarrera aldatu behar da, bai edo bai.
Azpimarratuko nuke ehunka urteetan gure jendartearen energia eredua berriztagarria izan dela. Gaur aldiz, erregai fosilak erabiltzen hasi ginenetik, alde batetik, energia kontsumoa izugarri igo da, eta honekin batera onura batzuk zein kalte handiak sortu ditugu. Etorkizuna berriztagarria da, ez dago aukerarik. Zenbat eta aldaketak arinago egin, orduan eta aukera gehiago kolpe handiegia ez hartzeko.