Xistera Proiektuak antolatuta, Emakumeen II. Nazioarteko Zesta Topaketa egingo dute
domekan [abenduak 3]. Horrela, neskek urtean zehar egindako lanaren erakusleiho bihurtuko da Berriatua.
10:00etan bilduko dira Mendibarren frontoian, eta 19:00ak aldera arte egongo dira elkarrekin. Euskal Herriko zesta eskoletako kideak eta kanpotik etorritako zestalariak elkartuko dira zesta puntaz gozatzeko asmoz. Jakitera eman dutenez,
40 bat neska biltzea espero dute. Besteak beste Bizkaiatik, Gipuzkoatik, Arabatik, Iparraldetik eta Kataluniatik etorritakoak izango dira galtza zuriz jantzita izango diren pilotariak, eta horien artean egongo dira
Markina-Xemeingo, Berriatuako eta Mutrikuko zesta eskoletako kideak.
Partiduak jokatu aurretik, jolasean ariko dira, zesta punta oinarrian duten jolasetan, hain zuzen. Jarraian jokatuko dituzten partiduetarako gorputzak berotzea izango da jolas horien helburua. Orain arteko topaketetan moduan,
kiniela formatuko partiduak jokatuko dituzte. Hau da, denek denen kontra jokatuko dute bikoteetako batek hamabost tanto egin arte. Hala, adinaren arabera, hiru maila bereiziko dituzte.
Talde argazkia. Elkarrekin bazkaldu ondoren, arratsaldean ere hainbat jolas egingo dituzte, eta sorpresaren bat ere prestatu dutela aurreratu dute Xistera proiektuko ordezkariek. Amaitzeko, iaz bezala, II. Nesken Topaketa Internazionaleko argazkia aterako dute.
Iazko topaketaren arrakasta ikusita, berriro egitea erabaki dute, eta aurten herri desberdinetan egindako topaketei amaiera “ezinhobea” emateko jaia izango da. Xisterako klubek Mutrikun egin zuten lehenengo topaketa irailaren 24an, urriaren 7an Donostin elkartu ziren, urriaren 29an Ereñon, eta azaroaren 18an Tolosan.
Urriaren 29an Ereñon egindako topaketa.
Argazkia: Xistera.