Bertsolari Txapelketa Nagusia aurrera doa, zazpigarren eta azken finalaurrekoa jokatuko da zapatuan [abenduak 2] Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Horren ostean abenduaren 17ko finalean kantatuko duten zortzi bertsolariak zeintzuk izango diren jakingo da. Nerea Ibarzabal Salegi bertsolari markina-xemeindarra txapelketaren finalaurrekoetaraino ailegatu da. Lehen aldiz parte hartu du, eta final laurdenetatik haratago heltzerik espero ez bazuen ere, emaitzagaz “oso pozik” dagoela azpimarratu du.
Zelan bizi izan duzu Bertsolari Txapelketa Nagusia?
Umetatik jarraitu dut publiko modura harmailetatik edo telebistatik, eta, beraz, niretzako pertsonalki bazeukan estatuz handi bat hasiera batean paniko pixka bat ematen zidana. Baina, aldi berean,, banekien beste batzuk, finalera begira zeudenak, presio handiagoa izango zutela nik baino. Nik Bizkaikoan neukan gehiago sentsazio hori, ondo egin nahi nuen, eta hemen ere ondo ibili nahi banuen ere, banekien lehen itzulian kanporatzen baninduten ere ez zela ezer gertatuko eta inor ere ez zela asko-asko harrituko. Dena amaituta, espero nuena baino asko hobeto joan zaidala ikusten dut, agian, ez dudalako nire helburua hasieratik oso argi eduki. Trankil joan naiz, lehen fasea ondo, bigarrena bueno, hurrengoa ondo, eta amaieran, oso gustura. Ikusita ze motibazio eta beldur nituen irailaren hasieran eta zelan nagoen azaro amaieran, pozik nago.
Zelan prestatu zara txapelketarako?
Espero barik ere asko entrenatu dut. Markina-Xemeinen Joseba eta Maddigaz astero, Lekeition berriz, Xabat, Onintza, Ander Elortegi eta Iturri batzen ginen entrenatzen laguntzeko, eta gero, Hernaniko bertso eskolan beste batzuekin. Nahi barik ez dut deskonektatu inoiz, eta igarri egin da. Neure kabuz ere koadernoko lana ere egin dut.
Txapelketa Nagusiko publikoa ze begitandu zaizu?
Igarri dudana da egiten genuen guztiak hedapen handiagoa zuela izan da. Hedabideak ere hirukoiztu egiten dira, lurralde ezberdinetako jendea eta aurpegi berriak. Publiko heterogeneoa da, eta jarrera ezberdina dauka. Jendeak barruan daraman epailea elikatzen du, ez da ohiko plaza bat izaten. Baina plazako ukitua ematen duzun momentuan esker onekoak dira. Durangon, adibidez, Aitor Mendiluze etxeko egongelan zegoela zirudien, eta jendea oso gustura egon zen.
Jende asko joan da saioetara zu animatzera.
Zentzu horretan guztiz esker oneko nago. Saioetan animoak emateko pankartak ikusten nituen, eta pila bat eskertzen da, nire izena esan eta berehala hasten ziren animatzen.
Hooliganak eramaten nituela ematen zuen.
Komunikabideetan asko azaldu zara. Zelan eraman duzu?
Nik ez dut asko nabaritu hori, baina bertsolari ezagunek hau kudeatzen nahikoa lan izaten dute. Hiru hilabete fokoen azpian zaude uneoro, eta sare sozialetan jendeak animoak eta bidaltzen dizkiete. Dimentsio handia hartzen du egiten duzun denak, eta uste dut erlatibizatzen jakin behar dela. Jakin behar da betiko Nerea zarela, 12 urtetik kantatzen ari dena, eta ez dela ezer aldatuko komunikabideetan agertu arren. Momentuko kontu bat da, gainera. Udazken honetan egongo gara fokopean, eta martxoan ez digute kasurik ere egingo.
Hilekoari buruz egin zenuen bakarkakoak zeresana eragin du.
Alde batetik, pozik gelditu naiz jendeari zenbat gustatu zitzaion jakinda, baina bestalde, zer pentsatu ere eman dit. Oraindik hilekoa aipatzea iraultzailea izateak harritu egin nau. Oraindik zelan gauden erakusten du. Inoiz aitatzen ez den gauza bat jarraitzen du izaten, eta hilero munduaren erdiak bizi duen gauza bat oraindik tabu bat izatea oso gogorra da. Gure kontra dator, baina pizkanaka joango gara aurrera egiten.
Zure puntu gogor edo ahulenak zeintzuk izan direla uste duzu?
Egun bakoitzean modu baten. Hasierako faseari saio normal baten itxura hartu nion. Finalaurrekoetan, berriz, Maule-Lextarren urduriago nengoelako eta publikoa nahikoa hotz nabaritu nuelako, ez nintzen oso gustura ibili. Amurrion trankil nengoenez, berriz, ondo.
Zeintzuk ikusten dituzu finalean?
Amets gehi beste sei betiko ikusten ditut finalean, bat egongo da hor berria. Zapatuan erabakiko da zortzigarren hori zein izango den. Lehen hiru postuak ahal dira asmatu. Maialen eta Mendiluze hor ibiliko dira, Igor eta Sustrai ere ondo dabiltza. Bakoitza bere estiloan, baina bertso maila ezin zaio eztabaidatu inori eta egin duten lan beldurgarria ere ez. Jon Maia, Miren Amuriza edo Oihana Iguaran zortziko horretan sartu daitezkeela uste dut. Mirenek eta Oihanak zapatuan kantatuko dute, euren esku egongo da.
Finalaurrekoetara heltzeko esperantzarik bazenuen?
Anbizio txiki bat beti eduki behar da, eta nik final laurdenetatik aurrera egitea lortu nahi nuen. Hortik aurrera banekien beste biak gozokiak zirela eta lehen finalerdian kalera joango nintzen susmoa neukan. Baina aurrerantz egin nuen. Egia esateko gainera, hobetoen Amurrion pasatu dut. Saio on bat egin nahi nuen, presioa kenduta eta burua lasaiago, eta ondokoei kalterik eragin barik. Finala helburutzat daukatenek ze neke daukaten imajinatu ere ezin dut egin. Niri oso nekagaria egin zait bigarren bueltara heltzea ere. Astero entrenatzen besterik ez duzu buruan… nekagarria da.
Zapatuko azken saiora eta finalera joateko asmoa badaukazu?
Bietara joango naiz, orain askoz lasaiago.