Nesken nazioarteko zesta topaketa hartuko du Mendibarrenek
Xistera proiektuak antolatuta, Emakumeen II. Nazioarteko Zesta Topaketa egingo dute domekan, Mendibarren frontoian. Horrela, neskek urtean egindako lanaren erakusleiho bihurtuko da Berriatua.10:00etan bilduko dira frontoian, eta 19:00ak aldera arte ego...
10:00etan bilduko dira frontoian, eta 19:00ak aldera arte egongo dira elkarrekin. Euskal Herriko zesta eskoletako kideak eta kanpotik etorritako zestalariak elkartuko dira zesta-puntaz gozatzeko asmoz.
Jakitera eman dutenez, 40 bat neska biltzea espero dute. Besteak beste, Bizkaiatik, Gipuzkoatik, Arabatik, Iparraldetik eta Kataluniatik etorritakoak izango dira galtza zuriz jantzita egongo diren pilotariak. Horien artean egongo dira Ereñoko, Berriatuako, Markina-Xemeingo eta Mutrikuko zesta eskoletako kideak.
Partiduak jokatu aurretik, gorputzak berotzeko jolasean ariko dira, zesta-punta oinarrian duten jolasetan.
Orain arteko topaketetan moduan, kiniela formatuko partiduak jokatuko dituzte. Hau da, denek denen kontra jokatuko dute bikoteetako batek hamabost tanto egin arte. Hala, adinaren arabera, hiru maila bereiziko dituzte.
Talde argazkia
Elkarrekin bazkaldu ondoren, arratsaldean ere hainbat jolas egingo dituzte, eta ezustekoren bat ere prestatu dutela aurreratu dute Xistera proiektuaren ordezkariek. Amaitzeko, iaz egin moduan, nazioarteko topaketako argazkia aterako dute.
Iazko arrakasta ikusita, berriro egitea erabaki dute, eta aurten herri desberdinetan egindako topaketei amaiera «ezin hobea» emateko jaia izango da.
Xisterako klubek Mutrikun egin zuten lehenengo topaketa irailaren 24an; urriaren 7an, berriz, Donostian elkartu ziren; urriaren 29an Ereñon jarri zuten hitzordua, eta azaroaren 18an, Tolosan.