Gaur [abenduak 1] abiatu dira Kaiet Bereziartua etxebarritarra eta Xabat Arrate markina-xemeindarra
Maroc Challenge rally solidariora.
900 metro kubikoko 2×4 Seat Marbella (1989 urtekoa) batean joan dira
Markina-Xemeindik Jubillara (Murtzia, Espainia), eta auto berdinagaz 3.000 kilometro baino gehiagoko rallyan parte hartuko dute. Hasiera-hasieratik, abentura izan da nagusi. Izan ere, gaurko elurteari ere aurre egin behar izan diete bi gazteek.

Jubillan hasiko da rallyaren izen ematea gaur. Hala ere, Lea-Artibaiko gazteak bihar [abenduak 2] helduko dira eta egun horretan bertan rallyarekin hasiko dira. Maroc Challenge probak 7 eguneko iraupena dauka eta
lehenengo etaparen hasiera Nadorren (Melilla, Espainia) hasiko da.

‘Maroc Challenge’en mapa eta etapak / Maroc Challenge web orrialdea
Seat Marbellan abiatuko diren gazteak
inolako babes ekonomikorik gabe doaz rallyra. Hau da,
bidaiaren ehuneko ehuna eurek ordaindu dute. Jarritako diruaz gain, rallya solidarioa da, eta Bereziartuak azaldu duenez, parte hartzaile bakoitzak dohaintzan eman nahi dituen materialak eraman behar ditu. “Rallyan parte hartuko dugun autoarekin bidaia egitea erabaki dugu. Autoan gu geu, beharrezkoak ikusten ditugun ordezko piezak, eta eskainiko dugun materiala eramango dugu”. Bildutako materiala beharrizana duten Espainiako eta Marokoko herrietara bidaliko dute. Horregatik,
eskolarako materiala eta emakumeen higienerako produktuak eramatea erabaki dute.
Kastinparro Racing taldearen izena eramango dute autoko pegatinetan, eskualdean rallyak antolatzen dituzten taldearen izena. Amatxorbe KPR izenarekin izena eman dute lehiaketan, hala ere, Durangoko beste bi gaztegaz murgilduko dira abenturan, nahiz eta, modalitate ezberdinetan parte hartu.
Kaiet Bereziartua: “Gauza asko txarto ateratzeko aukera daukagun arren, Seat Marbellarekin joan nahi izan dugu, guk egindako autoa delako; guretzat berezia da”
Rallyaren 12. edizio honetan hainbat modalitate jasotzen dira, baina
Bereziartuak eta Arratek modalitate xumeenean parte hartuko dute, beste 6 talderekin batera
. Modalitateak autoaren arabera sailkatzen dira; eurena
Adventure C1 du izena. Horretan, 2×4 trakzioko autoak bakarrik sartzen dira, 1.300 metro kubiko baino baxuagokoak.

Bereziartuaren eta Arrateren autoa.
Helburu handiak ez dituzten arren, Bereziartuak dio
“txikitako ametsa” dela Maroc Challenge-en parte
hartzea; rallya amaitzearekin nahikoa dutela gaineratu dute. Bereziartua eta Arrate elkarrekin ibili dira beti eskualde mailako rallyetan. Asfaltoko rallyetan hasi ziren, eta geroago areazko rallyetara pasatu ziren. “Gauza asko txarto ateratzeko aukera badaukagu ere,
Seat Marbellarekin joan nahi izan dugu, guk egindako autoa delako; guretzat berezia da”. Izan ere, 4×4 autoarekin joateko aukera zeukaten.
Abenduaren 11n bueltatzeko asmoa daukate. “Rallya egiten irabaziko dugun
esperientziagaz konformatzen gara, joatea da helburua, itzulerak berdin dio”.
Maroc Challengeeko webgunean rallya zuzenean jarraitzeko aukera egongo da, ingelesez, frantsezez, italiarrez, portugesez eta gazteleraz.