Kaiet Bereziartua eta Xabat Arrate Maroc Challenge ari dira egiten
Maroc Challenge-en parte hartzen ari dira Kaiet Bereziartua etxebarritarra eta Xabat Arrate markina-xemeindarra. Joan den barikuan abiatu ziren probarantz 900 metro kubikoko 2?4 Seat Marbella (1989 urtekoa) batean, eta auto beragaz 3.000 kilometro bain...
Hasiera-hasieratik, abentura izan dute nagusi. Izan ere, barikuko elurtea gainditu behar izan zuten bi gazteek bidaia hasi berri. Jubilla (Murtzia, Espainia) izan zuten lehenengo geralekua, egiaztapenak egiteko, eta domekan hasi zuten rallya Nadorren (Melilla, Espainia). Maroc Challenge probak zazpi eguneko iraupena dauka, eta dena ondo joanez gero, barikuan amaituko dute.
Seat Marbellan abiatu diren gazteak ezelako babes ekonomikorik barik joan dira rallyra. Hau da, bidaiaren ehuneko ehuna eurek ordaindu dute. Rallya, gainera, solidarioa da, eta Bereziartuak azaldu duenez, parte hartzaile bakoitzak dohaintzan eman nahi dituen materialak eraman behar ditu. Bildutako materiala beharrizana duten Espainiako eta Marokoko herrietara bidaliko dute. Horregatik, eskolarako materiala eta emakumeen higienerako produktuak eramatea erabaki dute.
Kastinparro Racing taldearen izena eraman dute autoko pegatinetan, eskualdean rallyak antolatzen dituzten taldearen izena, baina Amatxorbe KPR izenagaz parte hartuko dute, eta Durangoko beste bi gaztegaz murgilduko dira abenturan, nahiz eta modalitate ezberdinetan parte hartu.
Bereziartuak eta Arratek modalitate xumeenean parte hartuko dute, beste sei taldegaz batera. Modalitateak autoaren arabera sailkatzen dira; eurenak Adventure C1 du izena. Horretan, 2?4 trakzioko autoak bakarrik sartzen dira, 1.300 metro kubiko baino baxuagokoak.
Txikitako ametsa
Helburu handiak ez dituzten arren, Bereziartuak dio «txikitako ametsa» dela Maroc Challenge-en parte hartzea; rallya amaitzeagaz nahikoa dutela gaineratu dute. Bereziartua eta Arrate elkarrekin ibili dira beti eskualde mailako rallyetan. Asfaltoko rallyetan hasi eta geroago areazkoetara pasatu ziren. «Gauza asko txarto ateratzeko aukera badaukagu ere, Seat Marbellagaz joan nahi izan dugu, guk egindako autoa delako; guretzat berezia da».
Abenduaren 11n bueltatzeko asmoa daukate. «Rallya egiten irabaziko dugun esperientziagaz konformatzen gara, joatea da helburua, itzulerak berdin dio».