Bertsolaritzagaz hitzordu berezia daukate aurten ere Markina-Xemeinen. Amaiur Kultur Elkarteak antolatuta Kontzezioko Bertso Jaialdia ospatuko da
barikuan [abenduak 8] udalerriko frontoi nagusian. Urtero bezala izen handiko sei bertsolari igoko dira kantxa erdian prestatuko duten oholtza gainera:
Unai Iturriaga,
Maialen Lujanbio,
Miren Amuriza,
Amets Arzallus,
Sebastian Lizaso eta
Andoni Egaña.

Markina-Xemeingo Uni frontoia jendez bete-bete egin da urteroko hitzorduagaz.
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren atarian dator aurten Markina-Xemeingo jaialdia, eta sei bertsolarien artean aurtengo finalista bat eta 2013ko txapelduna egongo dira: Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus. Horiez gain finalaurrekoetaraino ailegatu den Miren Amuriza ere aterako da Markina-Xemeinen batuko diren bertsozaleen aurrera.
Hiru horiekin batera bi txapeldun handik kantatuko dute: 1982ko Txapelketa Nagusian finalista, 1986koan txapeldun, eta 1989 eta 1997koan txapeldun orde izan zen Sebastian Lizasok eta lau ediziotan jarraian (1993-1997-2001 eta 2005) Euskal Herriko bertsolari txapelduna izan zen Andoni Egañak.
Unai Iturriagak osatuko du seikotea. Durangarra sei bider izan da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalista eta 2005ean txapeldunorde gelditu zen, Andoni Egañaren atzean.
Bestalde, bertsolari handi horiei guztiei zukua ateratzeko arduraduna Xabi Paia izango da.
Sarrerak frontoiko leihatilan. Bertsolaritzaren plaza handia izaten da Markina-Xemeingoa, eta urtero betetzen dira bai kantxako jarlekuak bai eta harmailak ere. Aurtengo jaialdira joan nahi dutenek 10 eurotan eskuratu ahal izango dituzte sarrerak Udal Pilotalekuko leihatilan bertan, jaialdia hasi baino aurretik.
17:30ean hasiko da bertso saioa.