Gurasotasunari buruzko hitzaldia emango dute Gizaburuagan
Gurasoei zuzendutako hitzaldia martitzenean [abenduak 12] izango da. Gurasotasuna: Lortu ahal da! izenburupean, ETXADI familiei zuzendutako orientazio zerbitzuko psikologo batek gidatuko du saioa udaletxean, 18:00etatik aurrera.
Besteren artean, gurasotasuna umeen eta nerabeen beharrizanen errespetuan oinarritzen dela azalduko dute, “beraien garapena sustatuko duten ekintzak aurrera eramatean”. Beti ere familia bakoitzaren testuingurua, egoera indibidual, sozial zein kulturalak eta guraso bezala norbanako bakoitzak dituen abileziak kontuan hartu behar direla helaraziko diete hitzaldian parte hartzen duten gurasoei.
ETXADIko kideek azaldu dutenez, seme-alabekin jarduteko eta horiek hezteko ikuspegi desberdinak daude. Hau da, guraso-erantzukizuna interpretatzeko modu desberdinak daude. “Hala ere, badira oinarrizko printzipio batzuk, gurasotasuna erantzukizunaren jardunaren bizkarrezur direnak. Printzipio hauek umeen eta nerabeen garapen egokia eta ongizate fisikoa eta mentala sustatzen dute”.
Gutxi gorabehera ordubeteko berbaldia izango da, eta argibide gehiago gura dutenek telefono zenbaki honetara deitu ahal dute: 94-616 90 78.
Lea-Artibai Amankomunazgoak antolatu du hitzaldia, eta aurretik Mendexan eta Ziortza-Bolibarren eman zuten. Urtean zehar hainbat ekimen burutzen dituzte ETXADIko kideekin. Esate baterako, urte osoan zehar zerbitzu psikologikoa eskaintzen diete gurasoei, telefonoz, posta elektronikoz zein posta arruntez. Hala, 0-18 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei hezkuntzari eta hazkuntzari buruzko laguntza ematen diete.