Bizkaiko Kultur Txartelaren bonuak abenduaren 11tik
urtarrilaren 28a arte erosi ahalko dira (arinago agortzen ez badira). Hiru bonu mota edo maila daude: 24 eurokoa, 28 eurokoa eta 32 eurokoa. Herritarrek kopuru horiek ordainduta, 40 euro gastatu ahalko dituzte, urtarrilaren 31 bitartean.
Banketxeko txartel bakoitzagaz gehienez mota bakoitzeko lau bonu erosi ahalko dira. Bizkaitarren artean kultura sustatzeko asmoz,
12.750 bonu aterako dituzte. Zehatz esateko, 32 euroko 3.750 bonu, 28 euroko 6.000 bonu eta 24 euroko 3.000 bonu jarriko dituzte.
Disko eta liburuak erosteko, museoak bisitatzeko, zuzeneko emanaldiez gozatzeko edo bestelako kultur-produktuak kontsumitzeko aukera eskainiko du aldundiak beste urte batez. Hala, papergintzako artikuluak, informatika eta elektronikako ekipo, software eta kontsumigarriak, jokoak eta bideo-jokoak ez daude programa honen barruan.
Hain zuzen,
bosgarren urtea da Bizkaiko Kultur Txartela ateratzen dutela, eta
Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuak ekimen honen garrantzia nabarmendu du: “Bono honek bultzada nabarmena ematen dio sortu zenetik hona kulturari Gabon inguruan. Bizkaiko Kultur Txartela ekimenari esker, sektoreak esaten dauenagatik ia laukoztu egiten da salmenten kopurua. Kulturak balioak sortzen ditu, eta sarri esaten dugu, baina batzuetan ahaztu egiten duguna da eragile ekonomikoa ere badela, eta horregatik foru erakundean kultur ekoizpena babestea erabaki dugu. Eta garrantzitsutzat hartzen dugu kultur ondasunen kontsumoa bera ere sustatzea, azken batean industria horri berezko bultzada ematen diolako”.
Bizkaiko Foru Aldundiak
150.000 euro bideratuko ditu ekimen honetarako, eta Kutxabankekin eta CECOBIrekin (Bizkaiko merkatari elkarteek osatutako irabazi asmorik gabeko erakundea) lankidetzan burutuko du. Euskara eta Kultura diputatuaren berbetan, ekimenarekin azken urteotako krisi ekonomikoak “bereziki kaltetutako” sektore bati lagundu nahi dio aldundiak: “Izan ere, sektore honetan BEZaren igoera kultur produktuen kontsumoarekin alderantziz proportzionala izan da. Arrazoi hori dela eta, administrazio publikoen laguntza sektorea sustatzeko funtsezko elementua da”.
Bestalde,
Gipuzkoako Foru Aldundiak 8.854 kultura bonu jarriko ditu salgai, eta
urtarrilaren 15a arte erabili ahalko dira. Horietatik 3.542 euskarazko produktuak eskuratzeko izango dira, eta 5.312 bonu beste hizkuntzetakoak erosteko. Bonu guztiak
20 euro balio dute, baina euskarazko materiala erosterakoan 12 euroko deskontua edukiko dute herritarrek, eta beste hizkuntzetakoetan, ordea, 8 euroko deskontua izango dute.
Gipuzkoako 20 udalerritako 51 dendatan eskuratu ahalko dira liburuak, diskoak eta DVDak. Mutrikun, esaterako, bi lekutan gastatu ahalko dira bonuak.
Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak eskerrak eman dizkie kanpainarekin bat egin duten saltokiei. Hala, bonuak ahalik eta pertsona gehienek baliatu ahal izatea eta Gipuzkoa osoko merkataritza bultzatzea lortu nahi dutela azaldu du: “Kultura premia biziko ondasuna dela eta ez luxuzkoa aldarrikatu nahi dugu. Eguberriei begira, kulturarekin gozatzea sustatu, saritu eta fidelizatu nahi da, eta liburu eta disko dendek osatzen duten merkataritza eta banaketa sarea indartu eta babestu. Izan ere, kultur produktuen eskaintza zabala eskaintzen dute, bizi garen gizarte moderno eta kulturaniztasun honi dagokion bezala”.
Itxasok zehaztu duenez, kulturaren salmenta sustatzeaz gain, euskal kulturaren ekoizpena eta sorkuntza bultzatzea da aldundiaren helburua. Era berean, ongizate eta gizarte kohesioaren eredua kulturaren inguruan sendotzea, kultur sektoreko enpresak indartzea eta eredu kultural jasangarriago, parte hartzaileago eta eraldatzaileago bat lortzeko zereginean aurrera egitea lortu nahi dute.
BIZKAIKO KULTUR TXARTELAREN 3 MAILAK:
- A motako txartela (32 euro). Gaztelaniazko nahiz atzerriko hizkuntza bateko edozein kultur produktutan aldatzeko aukera izango da, esaterako: liburuak -testu liburuak edo profesionalak izan ezik-, musika edozein euskarritan eta zinema DVDan edo beste euskarriren batean.
- B motako txartela (28 euro). Bizkaian gaztelaniaz nahiz atzerriko hizkuntza batean antolatutako zuzeneko kultur ikuskizunetarako sarrerak erosteko izango da (musika, dantza, antzerkia eta zinema), eta baita museoak bisitatzeko ere.
- D motako txartela (24 euro). Euskarazko produktuetarako eta euskarazko zuzeneko kultur ikuskizunetarako izango da.