Amets Txurrukaren ibilbide profesionala agurtuko dute etzi
Amets Txurrukaren profesional mailako ibilbidea agurtzeko Merezimendu Sari berezia prestatu du aurten Amets Txurruka Lagunartiek. Urtero-urtero, Etxebarriko txirrindulariaren denboraldi amaieran, urteko errepasoa egiteko ekimena antolatu izan du elkart...
Orain arte egin diren ekitaldietan parte hartu dutenak gonbidatu dituzte XIII. Merezimendu Sarira; horrez gain, txirrindulari zaletu eta Txurrukaren jarraitzaileekin ere ospatu nahi dute eguna, eta, beraz, lagunarteko mendi bizikleta martxa bat antolatu dute, «mundu guztiak parte hartzeko modukoa».
Bestalde, urtero bezala, duelua ere egongo da egun osoan, oraingoan, baina, nahi duenak parte hartu ahalko du, eta esan dutenez, «nahi duen beste».
Kontzejupea aukeratu dute aurten ekitaldirako. Bertan egin ahalko da duelua, eta handik irtengo dira 10:30ean mendi bizikleta martxako parte hartzaileak.
Eguerdian tartea hartuta, arratsaldeko ekitaldiak ere Kontzejupean izango dira. 17:30ean, orain arteko Merezimendu Sarien errepasoa egingo da, horretarako prestatu duten bideo baten laguntzagaz, eta 18:30ean hasiko da ekitaldi nagusia.
Amets Txurruka Lagunartie elkartekoek aitatu dutenez, inguruko txirrindu taldeek oroigarriren bat emango diote, eta ezustekoak ere egongo direla aurreratu dute. Eta eguna jai giroan amaitzeko, Chandal Records-en emanaldia eta Aterkings taldearen musika egongo dira.
Azken urteetan bertan behera egon den afaria ere berreskuratuko dute. 30 eurotan jarri dituzte txartelak salgai, Etxebarriko Olaia eta Markina-Xemeingo Irurok eta Eder tabernetan. Kopurua mugatua izango da, eta azkar ibiltzea gomendatu dute antolatzaileek. 22:00etan izango da afaria, Itsas-Lur jatetxean.