Urtero bezala bertsozalez bete zen atzo [abenduak 8] Markina-Xemeingo frontoi nagusia. Sebastian Lizasok hasierako agurrean esan bezala, txapelketetatik kanpo urteko plaza jendetsuena izaten da Kontzezio egunekoa, eta hala izan zen atzokoan ere. Frontoiko harmaila guztiak eta kantxako jarlekuak gogoz bete zituzten zaleek. 900 lagunetik gora kontatu zituzten antolatzaileek.
Amaiur Kultur Elkarteak antolatutako jaialdiak merezi zuen. Aurten ere punta-puntako bertsolariak atera ziren agertokira, Andoni Egañak bertsotan iragarri zuen modura “plazaren neurriko bertso saioa egin nahirik”.
Xabi Paiaren aginduetara aritu ziren Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, eta Miren Amurizak ezin zuela-eta, haren lekua hartu zuen Alaia Martin bertsolari oiartzuarra.
Kontzezioko Bertso Jaialdia.
Denetariko gaiak. Hasierako agurra eginda, euren beldurrei buruz kantuan jarri zituen sei bertsolariak atzo, gai-jartzaile lanean jardun zuen Xabi Paiak. Denetariko gaiak jarri zizkien, gai arinak eta korapilatsuagoren bat ere bai, bi ordu baino gehitxoago saioa osatzeko. Euskal presoak, Kataluniako errepublika, Durangoko azoka, transexualitatea, Olentzero, Guggenheim museoaren urteurrena eta Markina-Xemeingo gairen bat ere kantura ekarri zituen Paiak, hala nola Goiko Portaleko Iturria eta Pragako Jesusena. Eta zelan ez, atarian den Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalaren oihartzuna sumatu zen jaialdian. Horrela, Amaiur Kultur Elkarteko Jose Mari Lejardi Gabixolak eskatuta finalerako entrenatzen ere jarri zituzten Lujanbio eta Arzallus, 9ko motzean.
Udalerriari lotutako gaiek eragin zituzten algararik handienak. Aguazilaren ariketa esaterako, gustuko izan zuen publikoak. 40 urtez herriko aguazila izanda erretiroa hartu behar zuen Andoni Egañak eta beste guztien artean aukeratu behar zuen ordezkoa. Hautagaiek argi utzi zituzten zeuzkaten abileziak, baina bere irudikoa aukeratu zuen Egañak, lan orduetan Tatenean kafea hartzen egongo zen Iturriaga.
Behetik gora egin zuen saioak, ondo hasi eta hobeto amaitu, eta txalo zaparrada luzeagaz eskertu zuen publikoak bertsolariek egindako ahalegina. Maialen Lujanbiok saioa agurtzeko botatako bertsoak ezin hobeto deskribatu zuen jaialdia.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.