Emozioz betetako agurra
Maitasun adierazpenez betetako omenaldia egin diote Amets Txurrukari Markina-Xemeinen. Txirrindulari zale, lagun eta taldekideek parte hartu dute azken agurrean.Zaletu, lagun eta taldekideen estimua hurre-hurretik sentitu ahal izan zuen zapatuan Amets ...
Maitasun adierazpenez betetako omenaldia egin diote Amets Txurrukari Markina-Xemeinen. Txirrindulari zale, lagun eta taldekideek parte hartu dute azken agurrean.
Zaletu, lagun eta taldekideen estimua hurre-hurretik sentitu ahal izan zuen zapatuan Amets Txurruka txirrindulariak. Amets Txurruka Lagunartiek ekitaldi berezia antolatu zion omenaldi gisa, eta inork ez zuen falta nahi izan. Hasi berri duen etapa berrian zorterik onena opatu zioten batzuek, banaka edo taldean grabatu zizkioten bideoetan, eta Markina-Xemeingo Kontzejupean bertatik bertara omendu zuten beste askok.Garaipen asko, baina bai eta ere lagun asko eta asko egin ditu Amets Txurrukak txirrindulari ibilbidean, eta hori agerian geratu zen omenaldian. Dueluetako aurkariek, bere kirol ibilbideko taldekideek eta beste kirolari batzuek, bere kirol ibilbidea, baina, batez ere, bere izaera goraipatu zuten.
Opariak
Ekitaldi hurrekoa eta beroa izan zen zapatukoa. Joseba Artza Urta eta Amets Arzallus izan ziren Txurrukari egindako lehen Merezimendu Sariko bertsolariak, eta eurena izan zen agur ekitaldiari hasiera ematearen ardura. Gari musikaria ere igo zen oholtzara, eta azken diskoko kanta berri bat eta aspaldiko Aitormena jo zituen, azken hori Amets Txurrukak, Mikel Txurrukak eta Josu Anituak kantuan lagunduta.
8 urte izan aurretik hasi zen Txurruka Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkartean, eta azken agurrean ere, beragaz egon nahi izan zuten elkarteko kideek. Bizikletan jarraitu dezan, txaleko hori bat, mailota eta kulotak oparitu zizkioten. Markina-Xemeingo Udalaren eta Amets Txurruka Lagunartien opariak ere jaso zituen Etxebarriko kirolariak.
Eta ekitaldi ofizialagaz amaitzeko, aurreskua dantzatu zion gaztetan beragaz lasterketetan ibilitako Iban Amiasek. «Heldu da etapa honen amaiera, baina lortu dudana baino gehiago lortzerik ez neukala uste dut. Ez kirolari begira batez ere, hori baino gehiago lortu dut: herri oso bat eta lagun pila bat hemen egotea. Momentu txarretan, aurrera egin behar denean hor egon zarete, eta hori da gehien baloratzen dudana», adierazi zuen Txurrukak hunkituta.
Ekitaldia amaituta, jaiak aurrera egin zuen Aterkings eta Chandal Recordsen kontzertuagaz.