Hezkuntza saileko langileak jasaten ari diren murrizketak salatuko dituzte gaur, beste greba egun bategaz.
Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko irakasle, hezkuntza bereziko hezitzaile, sukaldari, garbitzaile eta Haurreskolak Partzuergoko beharginak daude greba egitera deituta.
ELA, LAB eta Steilas sindikatuek egin dute deialdia.
Mutrikuko Goizeko Izarra ikastolako eta institutuko langileek atzo goizean egindako elkarretaratzea. Argazkia. Goizeko Izarra
Azken greba azaroaren 30ean egin zuten irakasleek, eta deitzaileen esanetan, %70eko jarraipena eduki zuen.
Hezkuntzako langileek eskaera argiak egin dizkiote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. Aurrekontuan inoiz baino handiagoak izanda 2010ean egindako inbertsio bera egitea Europar Batasuneko herrialdeen bataz bestekotik oso urrun dagoela esan dute. «
Hezkuntzan inbertitzea etorkizunean inbertitzea» dela esan dute irakasleek, etorkizun duina bermatzeko bide bakarra hezkuntza dela iritzita. Baina beste hainbat eskari zehatz ere egiten dizkiote hezkuntzako langileek Jaurlaritzari: lanpostuak egonkortzea eta behin-behineko lekuak murriztea, gaixoaldiak ez zigortzea, hau da, gaixotu, dirua kendu eta gainera ordezkorik ez bidaltzea eta erretirorako laguntza neurriak berreskuratzea, esaterako. Zehatz esateko, irakasleen ordezkoak lehen egunetik bidaltzea eskatu dute, «onartezina delako irakasgai bateko irakaslea gaixoaldian egon eta ikasgai hori gaian aditu ez den irakasle batek eman behar izatea».
Manifestazioak. Bizkai, Araba eta Gipuzkoako hiriburuetan manifestazioak egingo dituzte, 12:00etan. Bilbon Kale Nagusian dagoen Eusko Jaurlaritzaren egoitza aurretik aterako dira; Gasteizen, Bilbo plazatik; eta Donostian, Alderdi Ederretik.
Ikasle Sindikatuak ere bat egin du grebagaz: «Gelak hustu ditzagun kaleak betetzeko!» esan dute. Hezkuntza publiko, doako, kalitatezko eta euskaldun bat aldarrikatuko dute ikasleek.