Zapatuan [abenduak 16] jokatuko dira finalak Markina-Xemeingo Pilotaren Unibertsitatean. Jaialdia
18:00etan hasiko da, baina egun osoan antolatu ditu ekintzak Xistera Proiektuak.
Azaldu dutenez, zapatua
egun berezia izango da Xistera Proiektuarentzat, bigarren denboraldiari agur esateko unea. ” Duda barik denboraldi ahaztezina izan da aurtengoa. Izan ere, aurtengo denboraldian Euskal Herriko Zesta Punta talde guztiak daude proiektuaren barruan, eta leku ezberdinetako pilotari askok parte hartu dute. Talde horietako pilotariak izango dira zehazki zapatuko lehen protagonistak”.
2016ko Xistera Zirkuituko Finalak Markina-Xemeinen.
Goizean,
10:00etatik aurrera, topaketak antolatu dituzte zesta-punta taldeetako puntista gazteenentzat. Arratsaldean, berriz, zirkuituaren azken jaialdia hasiko da. “Bizkaiko herriak garrantzi handia dauka zesta-puntan, eta horregatik bertan jokatuko dira bigarren aldiz, zirkuituko final nagusiak”.
Aurtengo zirkuituko pilotaririk onenak aterako dira kantxara.
Theo Etchegaray Getariako Olharroa pilota taldeko pilotariak eta
Danel Mandiola Markina-Xemeingo eskolakoak jantziko dute gazte mailako elastiko gorria. Urdinez jokatuko dute, berriz,
Eduardo Agirre zunaiarrak eta
Aratz Mendizabal Danok Bat pilotazale Elkarteko mutrikuarrak.
Lehen partida amaituta, Xisterak irailean Hernanin antolatu zuen
kanpusaren bideoa emango dutela iragarri dute. “Kanpusean izan ziren gaztetxoek euren burua irudietan ikusteko lehen aukera izango dute zapatukoa, oraingoz irudiak ez baitira eman”.
Helduen mailako finala etorriko da ondoren. Alde batetik,
Julen Iriondo Berriatuko eskolako etxebarritarra eta Gasteizko
Edu Suso aterako dira kantxara, gorriz. Mutrikuko finalerdietan garaipena lortu zuten
Ekaitz Mendizabal Danok Bat elkarteko mutrikuarra eta
Donibane Lohizuneko Luzean pilota elkarteko
Zugaitz Sallaberri. “Zalantzarik barik, zapatuan eman zuten ikuskizuna errepikatu nahiko dute mutriku zein iparraldeko pilotariek. Aurrean, aldiz, bi pilotari sendo ariko dira; Julen Iriondok hiru jaialdi irabazi ditu, eta Edu Susok, aldiz, bi”, azpimarratu dute Xisterakoek.
Bildumak. Zesta-puntako partida eta topaketez gozatzeko aukera izateagaz gain, goizeko topaketetan parte hartzen duten umeei albumak banatuko dizkiete, zesta-puntako
irudien bilduma osatu ahal izateko. “Finalen aurretik eta ondoren salgai ipiniko dira irudiak”, zehaztu dute.
Irudi bildumagaz zesta-punta sustatu nahi dute. Diotenez, txikiengan eragin positiboa izan ohi dute horrelako ekintzek eta hori baliatzea pentsatu dute zesta-punta jende gehiagorengana heltzeko.