Urtero bezala, Santo Tomas Azoka ospatuko da eguenean [abenduak 21], Lekeition. Gabon jaien atariko hitzorduak eskualdeko eta inguruetako ekoizleen produktuez gain, eskualdeko etxe-abereen erakusketa ere hartuko du, aurten ere.
10:00etan zabalduko ditu ateak, ohi den modura, Independentzia plazan kokatuko den azokak. Aurten 36 izango dira euren produktuak erosleen eskura jarriko dituzten ekoizle eta artisauak, horietatik 19 Lea-Artibai eskualdekoak. Ortuari eta frutadun zazpi ekoizle egongo dira, eta atal horretako mahairik onenari 100 euroko saria emango diote. Horrez gain, ardi eta ahuntz gaztadun hiru ekoizle, ogi eta gozogintzako bost ekoizle, ahate produktuen beste bost, txerrikien bi ekoizle eta olio, txakolin, arrain kontserba eta ezti ekoizle bana egongo dira.

Santo Tomas azoka, Lekeition.
Talo
txosnak ere aurkituko dituzte bisitariek azokan, eta egurra, zilarra eta larrua lantzen duten bost artistau postuek osatuko dute eskaintza.
Horrez gain, Maialen Aulestiaren aldeko karpa bat ere egongo dela jakitera eman du Lekeitioko Udalak, bai eta hondakin organikoen sistema berriaren informazioa eskainiko duen mahai bat ere.
Lekeitioko Eskolak ere txosna bat jarriko du, eta ekainaren 3an Lekeition ospatuko den Eskola Publikoaren Jaiko materiala ere salgai egongo dela jakitera eman dute.
Abereak. Eskualdeko abeltzainen animaliak euren gunea edukiko dute erakusketarako. Hamalau abeltzainen animaliak egongo dira ikusgai aurtengo azokan. Hegazti eta animali txikiez gainera, guztira 43 buru egongo dira ikusgai:
hamabi ardi eta zortzi ahuntz buru, zortzi zaldi, bost asto, zortzi behi eta idi parea.
Giro eta doinurik ez du faltako azokak, herriko Musikaia musika eskolako
trikiti taldeak alaituko ditu herria eta azoka gunea goizean egingo dute kalejiragaz.
Bestalde, Santo Tomas eguna biribiltzeko, antzerkia egongo da arratsaldean. KALEKA 28 egitarauaren barruan, Años Luz antzezlana egongo da 18:30ean, Konpainiako elizan.
Asturiasko Luz, micro y punto taldeak itzalekin eta txotxongiloekin egiten duen ikuskizuna 5 urtetik aurrerako publikoari zuzenduta dago, eta ametsez, nahiez eta adiskidetasunaz hitz egiten du Lady Di Fusaizeneko pertsonaiaren bitartez. Lady Di Fusak ez du bere melodiak konposatzea lortzen, baina amets labur baten ondoren bere eskuekin imaginatutako notak interpretatzen hasten da. Haietatik, itzal, argi eta kolorez jantzitako irudiak sortuko dira, armairu baten esnatzen diren bi txontxongiloen istorioa kontatuko digutenak: zur txontxongilo bat eta arraultz urdin bat.
Azokaren antolakuntzak gutxi gorabehera 5.000 euroko kostua izango duela jakitera eman dute.