2018an lekualdatu gura dute Muruetako udaletxea
«Apurka», baina Muruetako udaletxea abadetxera lekualdetzea posible egingo duten lanak aurrera doaz. Kanpoaldetik eraikina prest daukate, eta barrukaldeari ekingo diote hurrengo urtean. Izan ere, 2018rako udaletxea lekualdatu nahiko luketela esan du ...
Igogailua jartzea eta elektrizitate, margotze eta hornitze lanak falta dituzte lehengo abadetxea osotasunean prest edukitzeko; «%80 eginda dago».
Abadetxea etorkizuneko udaletxea izateko lanak ez ezik, proiektuak inguru guztia hartzen zuela gogorarazi du alkateak: «Taberna, kultur aretoa, aparkalekuak, frontoia berriztu, plaza handitu, eskola zaharra atondu, umeentzako jolas parkea, atseden lekua…, horiek guztiak egin ditugu».
Uste baino motelago
Lanak martxa onean hasi zituzten, baina krisialdiagaz «diru laguntzak murriztu edo kendu zituztela» azaldu du alkateak. Udaletxea badaukatenez, «ez zen lehentasuna», eta apurka-apurka egitea erabaki zuten.
Proiektuagaz, Eleizalde herrigune modura «indartzea» dute helburu. Horregatik, ingurua zerbitzu eta azpiegitura guztiekin hornitu gura izan dutela dio Ondarzak. Modu horretan, aspaldiko urteetako lanak horretara zuzenduta egon direla nabarmendu du.