Domeka Gabon Eguna dela eta eskualdeko nagusien futbol talde guztiek zapatuan jokatuko dituzte euren neurketak. Jokatuko ez duen bakarra
Mutriku Futbol Taldeko mutilen taldea izango da, Gipuzkoako Ohorezko Mailan ez baitago jardunaldirik asteburu honetan.
Mutriku Futbol Taldeko neskek zapatu goizean jokatuko dute Zumarragan. 12:15ean hasiko da Urolaren aurkako partidua. Asteburu honetan berez ez zeukaten jardunaldirik, baina bere garaian elurrengatik bertan behera gelditutako partidua jokatu beharko dute. Jokatzen hurrengoa
Artibai Futbol Taldea izango da. 15:30ean hasiko da Gernikan Urbietaren aurkako partidua. Bittor Lekunberriren mutilek arnasa apur bat hartu zuten iragan asteburuko garaipenagaz, eta orain jaitsiera postuak zazpi puntura edukita sailkapenaren erdi parean sendotu nahi dute.
Artibaik Etxebarriren aurka zelairatu zuen hamaikakoa. Argazkia: Leartigol
Ordu erdi beranduago hasiko da liga berdineko Basconia B –
Berriatuko partidua. Erketz Azkueren mutilak bolada txarrean murgilduta daude eta asko kostatzen ari zaie puntuak batzea. Azkenaurrekoak dira sailkapenean, baina jaitsieratik at dauden hurrengo bi taldeak bi eta hiru puntura dituzte hurrenez hurren.
Jokatzen azkenak
Lekeitio Futbol Taldea eta Aurrera Kirol Elkartea izango dira. Lekeitiarrek Abanto-Zierbenan jokatuko dute. Etxekoak bigarrenak dira sailkapenean Lekeitiorengandik sei puntura, beraz partidu garrantzitsua da lekeitiarrentzat. Irabaziz gero hiru puntura hurbilduko dira eta igoera postuengatiko borrokan bete-betean sartuko dira.
Aurrerak ere ordu berean jokatuko du Zaldupen, Gatikaren aurka. Ibon Lopezen mutilak azken hiru partiduak irabazita gorakada ederra eginda daude azken aldian. Partidu zaila izango da sailkapeneko bosgarrenaren aurka, baina irabaziz gero puntu bakar batera jarriko lirateke ondarrutarrak. Dei berezia egin die Aurerrak herritarrei zapatuan Zaldupera joateko. Urteko azken partiduak izango dira talde guztientzat.
Aurrerako jokalariak Derioren aurka sartutako bigarren gola ospatzen. Argazkia: Aurrera KE