Hitzaldi eta jardunaldi bana dakar Lurgaia Fundazioak egunotarako
Lurgaia Fundazioak hitzaldi eta jardunaldi bana antolatu ditu; gaur emango dute lehena, eta zapatuan egingo dute bigarrena.Urdaibai Bird Centerren jarri du, hain zuzen ere, gaurko hitzordua. 19:00etan, Javier Franco Fundazioko kideagaz elkartuko dira, ...
Urdaibai Bird Centerren jarri du, hain zuzen ere, gaurko hitzordua. 19:00etan, Javier Franco Fundazioko kideagaz elkartuko dira, bera izango baita berbaldia emateaz arduratuko dena. Besteak beste, Lurgaiak Urdaibai Biosfera Erreserban sortu nahi duten hariztirik handienarentzako sortutako crowdfunding kanpainari buruz ariko da Franco. Hala, egitasmoa zehatz mehatz azalduko du, eta herritarrek daukaten parte hartzeko aukeraz ere jardungo da. Kanpainaren bideoa ere aurkeztuko du, eta bertaratutakoen zalantzak argitzeko tartea ere izango da.
Urtea agurtzeko azkena
Zapatuan, bestalde, jardunaldi berri bat egingo du Lurgaiak. Aurrekoetan bezala, zuhaitzak eta zuhaixkak landatuko dituzte, baina, horiez gain, bestelako lan batzuk ere egingo dituzte: hala nola, haritzen mintegi txiki bat prestatu, anfibioentzako putzuak txukundu, txorientzako etxetxoak eta jantokiak ipini eta zuhaitz eta zuhaixkei babesleak jarriko dizkiete.
Ordutegia ere ohikoa izango da: 09:30ean elkartuko dira Ibarruriko eliza aurreko aparkalekuan. Eta 13:30ak ingururako hamaiketakoa egitea aurreikusten dute.
Betiko moduan, beharrezkoa izango da izena ematea, eta horretarako, info@lurgaia.org helbide elektronikora idatzi edota 94-657 61 10 zein 606 14 18 37 telefonoetara deitu beharko du zapatuko jardunaldian parte hartu nahi duenak.