Atzo [urtarrilak 7] arratsaldean jokatu zen eskualdeko nagusien taldeen arteko lehia bakarra izango denaren joaneko partidua Barroeta futbol zelaian eta
puntuak etxean geratu ziren. Sailkapenaren beheko aldean egonagatik bi taldeak oso bolada desberdinak edukita iritsi ziren Gabonetako etenaldira, eta atzoko neurketan ere bolada horri jarraipena eman zieten. Markina-xemeindarrek puntuak batzen jarraitzen dute, eta
beheko postuetatik aldentzea lortu dute; berriatuarrek ostera bururik ezin jasota jarraitzen dute eta azkenak dira sailkapenean zazpi puntugaz.
Berriatuko Futbol Taldearen hamaikakoa. Argazkia: Leartigol
Neurketa kanpokoen golarekin hasi zen. Etxekoen akats bat aprobetxatuta aurrea hartu zuten markagailuan berriatuarrek. Lehen zatian joko askorik egon ez zen arren azken minutuetan berdinketa igo zuen markagailura
Eñaut Gorosabelek sartutako penalti bati esker. Aldageletatik bueltan Artibaik urrats bat egin zuen aurrera eta laster iritsi zen
Aitor Etxeberriaren gola, ezkerkada batez. Berriatuarrek ere aurrerantz egin behar izan zuten orduan puntuak eskuratzeko, eta partida apur bat orekatu zen arren
Xabier Etxeberriak 3-1ekoa egin zuen kontraeraso batean. Laugarren gola
Jon Fernandezek egin zuen falta jaurtiketa batean eta erabakita geratu zen partidua. Azken minutuetan egin zuten berriatuarrek bigarrena.
Artibaik zelairatutako hasierako hamaikakoa. Argazkia: Leartigol
Lekeitio Futbol Taldeak ere garaipen polita lortu zuen Larrotegin. 3-0 menderatu zuten Union Sport talde barakaldarra.
Iban Andonegi, Endika Iza eta Lander Elkoro izan ziren golegileak eta 25 punturekin seigarren sailkatuak dira Mikel Badiolaren mutilak. Sei puntutara dituzte igoera postuak.
Bolada onari jarraipena eman zion beste taldea Ondarroako Aurrera izan zen. Ibon Lopezen mutilek 4-0 hartu zuten mendean Retuerto taldea eta azaroaren 4az geroztik partidurik galdu gabe jarraitzen dute. Hasieratik hautsi zuten partidua ondarrutarrek,
Iosu Muiñosek falta baten bidez eta
Aitor Urrestik egindako golei esker. Atsedenaldira joan baino lehen
Jon Lejardik egin zuen hirugarrena, eta bigarren zatian
Josu Aldazabalek laugarrena. Bolada onari esker,
bosgarren postuan daude ondarrutarrak.
Aurreraren hamaikoa zapatuan. Argazkia: Leartigol
Mutriku Futbol Taldeko nagusien taldeentzat ez zen asteburu onegia izan. Ez mutilen taldeak ez eta neskenak ere ez zuten garaipenik lortu ahal izan. Igor Elezgarairen mutilek 1-1 berdindu zuten Hondarribiaren aurka, Ondartza futbol zelaian.
Mikel Arrizabalaga atzelariak egin zuen mutrikuarren gola, eta garaipena ekarri behar zutela zirudienean egin zuten etxekoek berdinketa, azken minutuetan.
Neskek berriz galdu egin zuten Bergararen aurka 2-0 ligako lehen faseko azken jardunaldia. 10 punturekin seigarren amaitu dute liga txapelketa eta orain aste honetan Gipuzkoako Futbol Federakuntzak egingo dituen zozketa eta egutegi berrien zain daude liga berriko aurkariak ezagutzeko.