Ondarroan, Berriatuan eta Lekeition egin duten modura, gaur egun dauden edukiontziez gain, animali zein jatorri begetaleko materia organikoa biltzeko zerbitzua jarriko da martxan Markina-Xemeinen, bosgarren edukiontziaren bidez. Horretarako, edukiontzi marroiak jarriko ditu Lea-Artibai Amankomunazgoak.
Etxerik etxe. Beharrezkoa den informazioa eman eta herritarrek hondakinen bereizketa ahalik eta errazen egiteko, komunikazio hezitzaileak arituko dira etxez-etxe datozen asteetan. Markina-Xemeingo Udalak jakitera eman duenez, h
ezitzaileek Lea-Artibai Amankomunazgoko identifikazioa eramango dute, eta bizilagunek eduki ditzaketen zalantzak argitzeaz gainera hondakin organikoa jasotzeko kit-ak banatuko dituzte:
hondakinak biltzeko 10 litroko ontzia, poltsa konpostagarriak, edukiontzia zabaltzeko txartel magnetiko pertsonalizatua, pegatina magnetiko bat eta hondakinak nora bideratu behar diren zehazten duen eskuorria.
Bisitak egiterakoan etxean ez dauden herritarrek ere aukera izango dute materiala jasotzeko. Horretarako, interesa dutenek, hezitzaileek etxe atarietan jarriko dituzten karteletan helbidea zehaztu beharko dute eta, ondoren, hezitzaile batek eramango die materiala etxera. Etxean inor ez badago, ate aurrean utziko dute materiala.
Kalean. Horrez gain, urtarrilaren 18an eta 19an herrian jarriko diren informazio puntuetan ere jaso ahal izango da informazioa eta materiala. Urtarrilaren 18an, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, udaletxe aurrean egongo dira Lea-Artibai Amankomunazgoko langileak; hilaren 19an, ordu berean, Arretxinagako zubiaren alboan jarriko dute informazio puntua.