Hondakin organikoaren bilketa hasi dute Markina-Xemeinen
Gaur egun dauden edukiontziez gain, animali zein jatorri begetaleko materia organikoa biltzeko zerbitzua jarriko da martxan urtarriletik aurrera, Markina-Xemeinen, bosgarren edukiontziaren bidez. Horretarako, edukiontzi marroiak jarriko ditu herrian Le...
Beharrezkoa den informazioa eman eta herritarrek hondakinen bereizketa ahalik-eta errazen egiteko, komunikazio hezitzaileak ibiliko dira etxerik etxe datozen asteetan. Markina-Xemeingo Udalak jakitera eman duenez, hezitzaileek Lea-Artibai Amankomunazgoko identifikazioa eramango dute, eta bizilagunek eduki ditzaketen zalantzak argitzeaz gain, hondakin organikoa jasotzeko kit-ak banatu- ko dituzte: hondakinak biltzeko 10 litroko ontzia, poltsa konpostagarriak, edukiontzia zabaltzeko txartel magnetiko pertsonalizatua, pegatina magnetiko bat eta hondakinak nora bideratu behar diren zehazten duen eskuorria.
Informazio puntuak
Bisitak egiterakoan etxean ez dauden herritarrek ere aukera izango dute materiala jasotzeko. Horretarako, interesa dutenek hezitzaileek etxe atarietan jarriko dituzten karteletan helbidea zehaztu beharko dute, eta, ondoren, hezitzaile batek eramango die materiala etxera. Etxean inor ez balego, ate aurrean utziko lukete materiala.
Horrez gain, urtarrilaren 18an eta 19an herrian jarriko diren informazio guneetan ere jaso ahal izango dira informazioa eta materiala. Urtarrilaren 18an, udaletxe aurrean egongo dira Lea-Artibai Amankomunazgoko langileak, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta 19an, ordu berean, Arretxinagako zubiaren alboan jarriko dute informazio gunea.