Lehenengo, “
dolumin sentikorrenak eskaini eta
elkartasuna adierazi” nahi izan dizkiete iragan asteko istripuan zendutako bi pertsonen senideei. Edozein debeku edo mozketa egonda ere, lehentasuna arduratsu jokatzeak daukala gogorarazi du Mutrikuko alkate Jose Angel Lizardik. Esan dute ohikoa dela
alerta laranja ezartzen denean jendea ibili ohi den eremuak ixtea, baina kontuan hartu behar dela ezinezkoa dela kostaldeko eremu guztia ixtea. Gaineratu dute herritar gehien ibiltzen diren eremuak edota iristeko zailak diren bideak itxi izan dituztela orain arte, eta “itsasora ematen duten gune guztiak itxi eta kontrolatzea
ezinezkoa” dela.
Ondarbeltzeko hondartza aurrean dagoen moila, itsas denborale batean.
Hemendik aurrera itsas denboraleagatik alerta laranja dagoen bakoitzean
zein inguru itxiko dituzten zehaztu nahi izan du alkateak: Ondarbeltzeko sarrera eta hango moila (urtarrilaren 3ko ezbeharra gertatu zen moila), Arbe inguruan dagoen surflarien guneko sarrera, herriko hondartza eta dikerako pasabidea, hirugarren hondartza, Saturrarango hondartza eta nudisten gunea.
Gehitu du “konturik zailena” jendeak askotan
seinaleak errespetatzen ez dituela dela, eta sarrera debekatutako guneetan sartu egiten dela, “horrek sortzen duen arriskuarekin”. Amaitzeko, jendeari eskari zuzena egin nahi izan dio Lizardik:
arduratsu eta zuhurtziaz joka dezala itsaso zakarra dagoen egunetan, eta arriskuak saihesteko jarritako neurriak errespeta ditzala.