Udal aurrekontua aztertzeko batzorde irekia egingo dute Ziortza-Bolibarren
Ziortza-Bolibar Elizateko Udalak 2018ko udal aurrekontua aztertzeko batzorde irekia deitu du eguaztenean [urtarrilak 10]. 19:00etan ipini dute hitzordua udaletxeko batzar aretoan, eta herritarren ekarpenak aldez aurretik eskertuz, batzarrera hurbiltzeko gonbidapena luzatu diete biztanleei.
Aurtengo udal aurrekontua, diru-sarrerak eta gastuak izango dituzte hizpide, eta horrekin batera herritarren proposamenak eta iritziak bilduko dituztela jakitera eman dute.
Alberto Garro Ziortza-Bolibarko alkateak adierazi duenez, urtero egiten dute batzorde irekia aurrekontuak osatu aurretik. “Gure batzarrak beti dira irekiak. Funtzionamendua hori da; herritarrekin asanblada irekiak egiten ditugu gure ideiak edota asmoak zeintzuk diren azaltzeko eta euren iritziak jasotzeko”.
Besteak beste, Zeinka-Ziarregi auzoan burutu nahi dituzten azpiegitura lanak izango dituzte hizpide eguazteneko batzarrean: “Hainbat auzotan egin ditugu hobekuntzak, eta oraingoan Zeinka-Ziarregirako bi aukera ditugu. Aukera horiek bertako auzotarrekin aztertuko ditugu, eurek zer nahi duten jakiteko. Bestalde, ikasturte honetan martxan jarri duten baso eskolari diru laguntza ematea ere proposatzen dugu”.
Bestalde, Simon Bolibar plazan dagoen udaletxe zaharraren eraikinagaz zer egin ere aztertuko dute. Hain zuzen, orain dela hamar bat urte proiektu bat zehaztu zuten, baina geldituta dute, eta orain proiektu hori burutu, moldatu edo beste bat egin erabakitzeko asmoa daukate. “Eraikinari zein erabilera eman nahi zaion, eta horretarako zelako proiektua gauzatu beharko litzatekeen aztertuko dugu”.
Udal gobernuak urtean zehar hainbat batzorde ireki deitzen ditu. Esaterako, bi hilabeterik behin egiten dituzten osoko bilkuren aurretik, osoko bikurako gaiak aztertzen dituzte herritarrekin batzartuta.