Itsaso txarra dagoenean arduratsu jokatzea eskatu du Mutrikuko Udalak
Seinaleak errespetatzea beharrezkoa dela esan du alkateak, eta hori dela arriskuak saihesteko modurik onena. Alerta laranja ezartzen denean zein eremu itxiko dituzten ere zehaztu duteItsaso txarra edo denboralea dagoenean kostaldetik hurbil dauden erem...
Seinaleak errespetatzea beharrezkoa dela esan du alkateak, eta hori dela arriskuak saihesteko modurik onena. Alerta laranja ezartzen denean zein eremu itxiko dituzten ere zehaztu dute
Itsaso txarra edo denboralea dagoenean kostaldetik hurbil dauden eremuetara gerturatzen direnei arduratsu jokatzeko eskatu die Mutrikuko Udalak.Lehenengo «dolumin sentikorrenak eskaini eta elkartasuna adierazi» nahi izan dizkiete iragan asteko istripuan zendutako bi pertsonen senideei. Edozein debeku edo mozketa egonda ere, lehentasuna arduratsu jokatzeak daukala gogorarazi du Mutrikuko alkate Jose Angel Lizardik. Esan dute ohikoa dela alerta laranja ezartzen denean jendea ibili ohi den eremuak ixtea, baina kontuan hartu behar dela ezinezkoa dela kostaldeko eremu guztia ixtea. Gaineratu dute herritar gehien ibiltzen diren eremuak edota iristea zailak diren bideak itxi izan dituztela orain arte, eta «itsasora ematen duten gune guztiak itxi eta kontrolatzea ezinezkoa» dela.
Hemendik aurrera itsas denboraleagatik alerta laranja dagoen bakoitzean zein inguru itxiko dituzten zehaztu nahi izan du alkateak: Ondarbeltzeko sarrera eta hango moila (urtarrilaren 3ko ezbeharra gertatu zen moila), Arbe inguruan dagoen surflarien guneko sarrera, herriko hondartza eta dikerako pasabidea, hirugarren hondartza, Saturrarango hondartza eta nudisten gunea.
Gehitu du «konturik zailena» jendeak askotan seinaleak errespetatzen ez dituela dela, eta sarrera debekatutako guneetan sartu egiten dela, «horrek sortzen duen arriskuarekin». Amaitzeko, jendeari eskari zuzena egin nahi izan dio Lizardik: arduratsu eta zuhurtziaz joka dezala itsaso zakarra dagoen egunetan, eta arriskuak saihesteko jarritako neurriak errespeta ditzala.