Etxeko saltsak antzezlana ikusteko aukera egongo da barikuan [urtarrilak 12], 20:30ean, Lekeitioko Ikusgarri aretoan. Sarrerak salgai daude Kultur Etxean eta Traola Estudioan, 10 euroan.
Oholtzara igoko diren aktoreen artean Miren Gojenola lekeitiarra dago. Haregaz batera ariko dira baita ere, Mikel Laskurain, Aitziber Garmendia, Ane Gabarain eta Aitor Fernandino.
Mikel Laskurain eta Ane Gabarain aktoreak.
Txalo konpainiak ekoitzitako antzezlana endreduzko komedia bat da, korapilatsua. Ikusleek pertsonaiek baino informazio gehiago dute eta aktoreak gaizkiulertuen etengabeko kate dibertigarrian dantzan aritzen dira.
Antzezlanaren egilea Alan Ayckbourn antzerkigile eta zuzendari ingeles ezaguna da.
Sinopsia. Greg eta Ginny maitaleak dira eta ustez zoriontsu bizi dira. «Sekretu bat dago tartean, eta horregatik dira ustez zoriontsuak». Ginnyk gurasoen landetxera bisita egitera doala esango dio Gregi, baina gezurra da. Izan ere, Philip bere maitale sekretuarengana doa, harreman sekretua bertan behera utzi behar dutela esateko asmoz.
Gregek, susmo txarra hartuta neska laguna jarraituko du, eta neskalaguna baino lehen ailegatuko da Philip eta Sheila bere emaztea bizi diren landetxera. Ginnyren gurasoak direlakoan dago. Ginnyk aitaren plantak egitea eskatuko dio Philipi.