Olatu amaiezina "beharrezkoa da", euskarak arnasa hartzen jarraitzeko

Eusko Jaurlaritzak jatetxe bat eta hotela egin nahi ditu Mutrikuko Kofradia Zaharrean

Abenduaren 21ean batu ziren Mutrikuko Udala osatzen duten EAJ, EH Bildu eta Berdeak+Independenteak alderdietako ordezkariak Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzako zuzendari Aitor Etxebarriarekin. Azaldu dutenez Eusko Jaurlaritzak bideratu ditu dagoeneko 200.000 euro eraikinean egin beharreko lanen proiektua idazteko. Bestalde, sutea nahita eragindakoa izan zela frogatzerik egon ez denez, ikerketa artxibatuta geratu zen. Batzarraren ostean plenoa egin zen udaletxean eta Mutrikuko EH Bilduk mozio bat sartu zuen Kofradia Zaharrean zer egin behar den herritarrek erabakitzearen alde. Mozioak ez zuen aurrera egin, EH Bilduk alde, EAJk aurka eta B+I abstenitu eta gero; alkatearen kalitatezko botoari esker hartu zuten erabakia.
Mutrikuko Kofradia Zaharra.

Mutrikuko Kofradia Zaharra.

Eraikina Eusko Jaurlaritzarena da izatez, baina herritarrek Kofradia Zaharrarekiko duten estimua kontuan hartuta euren iritzia ere kontuan hartzeko eskatu zuten. Proposamena atzera botatzeko berandu egina zela esan zuten. Berdeak+Independeteak taldeak azaldu zuen Eusko Jaurlaritza lantzen ari den portuen kudeaketarako legedi berriarekin portua duten euskal kostaldeko herri bakoitzean kontseilu berezi bana sortuko dela. Kontseilu horretan Jaurlaritza, udala eta portuko jardunarekin zerikusia duten agenteak egongo dira, eta esan dutenez bide hori izan litekeke herriari Kofradia Zaharrean zer nahi duen galdetzeko bidea. Kontseilu hau Aste Santuaren ondoren eratzea espero dute. Jakinda kontseilu hori eratuko dela, B+I alderdiak Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzari eskatu dio kontratatutako arkitektuak bi proiektu egiteko: Jaurlaritzaren proposamena aintzat hartzen duena bata eta itsas ondarearen museoa eta memoria gordeko dituen gunea edukiko dituena bestea.
Kofradia Zaharraren azpiko aldea itxita dago sutea gertatu zenetik.

Kofradia Zaharraren azpiko aldea itxita dago sutea gertatu zenetik.

Herritarrak kexu. Hainbat herritar kexu agertu ziren Eusko Jaurlaritzak eta Mutrikuko Udalak hartutako erabakiekin. Beraien iritziz, eraikina herriarena ez izateak ez du esan nahi herritarren iritzia entzun behar ez dutenik. Gainera, eraikinaren azpiko aldea oraindik ere itxita egoteak bertatik igaro eta moila muturreraino joatea galarazten die. Eskatu dute negozio bat jartzeaz gain, herriko itsas ondarearen erakustokia izango den lekuren bat ere jartzeko. HONEKIN LOTUTA: Kofradia Zaharraren Lagunen elkarrizketa irakurri