Ondarroako Udaleko berdintasun sailak eta Etxelilak egitarau betea eta anitza prestatu dute. Herritar ezberdinei zuzendutako eskaintzak dira. Lehenengoa
urtarrilaren 18an egingo dute, eguena, 18:00etan.
Gizontasunak eta feminismoa hitzaldia eskainiko du Jokin Azpiazu Carballo soziologo eta ekintzaileak. Haren esanetan, «maskulinitatearen inguruko eztabaidak eta gizon taldeen sorrerek ez dute izan orain arte beraien benetako irismen eraldatzailearen berraztertze kritikorik». Azpiazuk berak idatzitako
Masculinidades y Feminismos liburuagaz zalantzan jartzen du ea positiboa den maskulinitate berrien kontzeptua. Zalantza horren inguruan eta berau argitzen jardungo dira hitzaldian.
Urtarrilaren 26an 16:00etatik 20:00etara eta
27an 10:00etatik 14:00etara, berriz, ikastaro bat egongo da:
Klowna feminismotik, Beatriz Egizabal ipuin kontalaria eta pailazoaren eskutik. Bere esanetan, sarri entzun ohi izan den esaldia da pailazokeriarik ez egiteko esaten duena, baina
ikastarora bertaratzen direnek pailazokeriak egin beharko dituzte.
Etxelilan izango dira hitzaldia, erakusketa eta ikastaroa.
Pailazo-klown kodigoan murgiltzeko hastapenak emango dira, eta
ikuspegi feminista ere txertatuko diote. Esan dute ikastaroan parte hartzeko
aldez aurretik eman behar dela izena; Etxelilako 94-613 40 08 telefono zenbakian edo
etxelila@ondarroa.eus helbidean edo Ondarroako Udaleko Berdintasun Saileko 94-683 36 70 telefonoan edo
emakume@ondarroa.eus helbidean.
Azkenik, urtarrila amaitu bitartean,
Indarkeria matxista: zutik emakumeok! erakusketa egongo da ikusgai. Azaldu dutenez, «munduko txoko ezberdinetan indarkeria matxistari aurre egiteko emakumeek erabilitako erresistentzia moduak ezagutzeko aukera egongo da».