Herri barruko zirkulazioa zuzentzeko neurriak hartu ditu Markina-Xemeingo Udalak. Artibai kalea –Arretxinagako bidegurutzetik Vega pareraino–
oinezkoek lehentasuna duten gunea bada ere, gero eta gehiago direla dio udalak, bertatik igarotzen diren ibilgailuak. Hori dela eta, kalea ixteko erabakia hartu dute, eta horretarako
pibotak jarriko dituzte Vega parean.

“Oinezkoek lehentasuna duten Artibai kaleko zatian garajea daukatenak beste alderditik sartuko dira, eta zamalanak egin behar dituztenak ere bai”, zehaztu du Juanjo Txurruka Markina-Xemeingo alkateak.
Zamalanetarako beharrezkoa den denbora egin ahalko dute ibilgailuek kale tarte horretan, baina alkateak azpimarratu duenez, ezin izango da bestela, bertan aparkatu. “Arazoa gero eta handiagoa izaten ari da, eta jadanik autoak Okerra Kalera ere sartzen hasi dira”. Beraz, jarrera horiek saihesteko, Okerra Kalea ere zarratu egin dute pibotekin, eta Osteko kalean ere lehen zeuden lorontzien erdian jarri dute beste bat .
Alkateak zehaztu duenez, behar izanez gero, izan daiteke jaietan bertatik igaro ahal izatea, baina egunerokoan kendu nahi dute zirkulazioa bertatik. “Oinezkoek nagusitasuna izatea bermatu behar dugu”.
Zamalanetarako ordutegia. Bestalde, Goiko Portalean zamalanak egiteko ordutegia mugatua dela gogora ekarri dute, eta horretarako ordutegiaren seinalea jarri zuten udaletxe ostean. Horrez gain, udaletxe aurreko plazara sartzeko dagoen pibot altxagarriaren giltza aldatuko dutela jakitera eman dute.

Alkateak azaldu duenez, gero eta sarriago sartzen ari dira ibilgailuak plazara, ezarritako ordutegitik kanpo. “Giltza erabilita edozein ordutan sartzen dira ibilgailuak zamalanak egiteko”. Hori dela eta, hemendik aurrera giltz bakarra udaltzaingoak izango duela esan du Txurrukak.
Beraz, Goiko Portalera
08:00etatik 14:00etara sartu ahalko da, eta ordutegi horretatik kanpo sartzea beharrezko duenak udaltzaingoarengana jo beharko du.