Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko lana aitortzeko sortu zituzten duela bi urte
Zirgari sariak.
Aurtengo hautagaitzak aurkezteko epea zabaldu berri dute, eta
herritarren proposamenak otsailaren 8ra arte jasoko dituzte. Hain zuzen ere,
berdintasuna@bizkaia.eus helbide elektronikora bidali edo Berdintasunerako, Lankidetzarako eta Dibertsitaterako Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (Mazarredo zumarkalea 63-3 48009 Bilbo) utzi behar dira sarietarako hautagaitzak. Inprimaki baten bidez aurkeztu behar dira, eta berau aldundiaren webgunean eskuratu daiteke.
Sari hauen bidez, aldundiak publikoki eskertu eta aintzatetsi nahi du pertsona fisiko edo juridiko batzuek eta kolektibo edo talde batzuek emakumeen eskubideen alde eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde egin duten ahalegin berezia.
Pertsonek edo entitateek sari hauen
lau modalitateetarako batean aurkeztu behar dituzte hautagaitzak. Hala, honako hauek dira aipatu kategoriak: Ohorezko saria, Emakumeenganako indarkeriaren aurkakoa, Ahalduntzea eta balioen aldaketa eta Erantzukidetasuna eta kontziliazioa.
Ohorezko sariak pertsona fisiko batek edo gehiagok emakumeen eskubideen zein emakumeen eta gizonen arteko
berdintasunaren alde eginiko ibilbidea saritzen du.
Aipatu bigarren kategorian,
emakumeenganako indarkeriaren kontra eginiko lanagatik nabarmendu den erakunde bat edo gehiago sarituko dute.
Beste kategoria bietan balioen aldaketan eta emakumeen
ahalduntze pertsonal, kolektibo eta sozialaren, eta antolaketa sozial erantzukidearen, denboraren erabilera berrien eta
kontziliazio erantzukidearen aldeko lanetan nabarmendu den erakunde bat edo gehiagoren jarduna eskertuko dute.
Sari banaketa. Martxoaren 8aren bueltan egin ohi dute sari banaketa ekitaldia. Carmen Bernabe teologoa, Clara Campoamor elkartea, Pikara Magazine aldizkaria eta Grupo Servicios Sociales Integrados e Ingeteam enpresa saritu zituzten iaz.
Iazko saridunak.
Argazkia: BBK.