FITUR azokan daude Lea-Artibai eta Mutrikuko ordezkariak
Euskadi Basque Country txokoa dauka azoka horretan Eusko Jaurlaritzak eta gune horren barruan dago eskualdeko eskaintza. Mutrikuko ordezkaritza Jose Angel Lizardi alkateak eta Marta Amonarriz turismo bulegoko arduradunak osatu dute, Debegesako eta Debako ordezkariekin batera. Madrilen, Euskal Kostaldeko Museoen Sarea aurkeztu dute, 2012az geroztik Basquetour Euskal Turismo Agentziak bultzatutako ‘Euskal Kostaldea’ lan ildoko kide baita. Gaur arratsaldean egin duten aurkezpenean bost urteko ibilbidearen errepasoa egin eta 2018 urterako erronkak aurkeztu dituzte.
Geoparkeko ordezkariek esan dute, aurten ere Fiturreko bi lekutan ikusi ahalko dela Euskal Kostaldeko Geoparkea. Batetik, Euskadi Basque Country standean eta bestetik Europako Unesco Geoparkeen Sarearen markapean.
Lea-Artibai eskualdeak ere ordezkaritza zabala eduki du. Lea-Artibai Garapen Agentziako ordezkariak daude bertan, hauek ere Euskadi Basque Country standean. Beraien eskaintza eskualdeko herrietan oinarritzen da, herri bakoitzak turismorako dituen berezitasunak azalduz. Besteak beste, bertan ikusi ahal izan dira Arkaitz Erkiaga Ur Lekeitio eta Mendexa parkeko ordezkaria, Bidatz Basterretxea Lea-Artibai Garapen Agentziako ordezkaria eta Jesus Anakabe Mendexako alkatea.