III. Mundu Gerrak utzitako hondamendiaren ostean, berreraikitzen hasteko garaia heldu da. Beste herriak bezala, Markina-Xemein apurtuta dago guztiz, eta udala eraikin ezberdinak konpontzen hasi da. Akerbeltz gaztetxearen eraikina ere txikituta dagoenez, bertan zer egin erabaki behar dute. Jende ezberdinak eskatu du lur hori bere egitasmoak aurrera eramateko; zeinentzako izango den erabakiko dute zapatuan [urtarrilak 20]
Akerbeltz gaztetxearen 10. Bertso Txapelketan.
Urtero bezala, gaztetxea guztiz eraldatuko du Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak urtarrilero antolatzen duen bertso saio bereziak.
Bertso Indusketa aukeratu dute aurten gaitzat, eta Akerbeltz zegoen lurretan euren proiektua aurrera eraman nahi dutenak izango dira bertsolariak. Gaztetxea, berriz, bilkura areto bihurtuko da, eta bertan bilduko dira guztiak, bakoitzaren egitasmoa bertsotan defendatzeko.
Akerbeltz gaztetxeko IX. Bertso Txapelketan parte hartu zuten zortzi bertsolariak. Argazkia: Markina-Xemeingo Gazte Asanblada
Hamabi bertsolari. Posible bada oraindik ere, asanbladako kidez eta inguruko batzuez osatutako lantaldeak,
eginahalak egin ditu hamargarren txapelketa oraindik ere bereziago egiteko, eta beraz, orain arteko parte hartze handiena edukiko du saioak. Hala, gaiari lotutako sei taldetan banatuta, hamabi bertsolari igoko dira gaztetxeko oholtzara. “Hamar urte hauetako saio askotan kantatu dutenak bildu nahi izan ditugu”, azaldu dute.
Hauek izango dira aurtengo protagonistak:
- Akerbeltz zegoen lurra lortu eta lurretik bizi ahal izateko, ortu publikoak eskaini nahi dituzten Ekologistak izango dira batzuk: Ekosune Haran Mendi (Josune Aramendi) eta Josave The Arctic (Joseba Sololuze).
- Hondamendia egon bada ere, rally zaletasunak aurrera egin du, eta Markina-Xemeinen autoentzako pista bat egin nahi dute Racinek: Txikane Labaka (Ane Labaka) eta Nahia Sanz (Nahia Ibarzabal).
- Artikoak urtu direnez herrialde barik geratu dira Inuitak, eta Markina-Xemeinen errefuxiatuak ongi-etorriak direnez, eurentzako espazio bat eskatuko dute Edurtak ( Joseba Artza Urtak) eta And there Lehortegik (Ander Elortegi).
- Arma fabrika handitu nahi duten Armagiliek izango dira Titadinerea (Nerea Ibarzabal) eta Black Hawk (Lander San Martin).
- Izar berri bat aurkituta, bertatik izarrera hobetoren helduko direla eta espazio ontzia gaztetxearen lekuan kokatu beharra defendatuko duten Astronautak izango dira Eneko Amarte (Eneko Arrate) eta Space Cookies (Xabat Galletebeitia).
- Munduko frontoi guztiak suntsituta daudenez, gune horretan frontoi bat eraiki nahi duten Zestalarixek izango dira Txik Txak Toko (Aitor Arrizubieta Toko) eta Aitxula (Lander Ibarluzea Aitxulua).
Ohiko ariketez gainera, beste era batekoei ere aurre egin beharko diete bertsolariek, hori da eta Akerbeltz txapelketaren beste berezitasunetako bat, eta oraingoan ere, proban jarriko dituzte ariketa ezberdinekin.
Bertsolarien ondoan,
beste hiru pertsonaia egongo dira: batzarra eroateaz arduratuko den udaletxeko arduraduna, ziborg bat eta Arantza Adi, gune horretan aurretik egon zenaren garrantzia azpimarratuko duen Aranzadiko kidea.
Akerbeltz gaztetxean afaria. Argazkia: Akerbeltz
Afaria. 22:00etan hasiko da txapelketa, baina ohi den modura, afaria eskainiko dute 20:30ean gaztetxean, girotzen hasteko. Afariko txartelak Patxua tabernan besterik ez direla gelditzen jakitera eman dute antolatzaileek, eta bihar [urtarrilak 19] izango da azken eguna eskuratu ahal izateko.
Afariaz eta saioaz gozatu nahi dutenek 7 eurotan izango dituzte txartelak, bakarrik saiora joan nahi dutenek, berriz, 21:30ean aurkituko dute gaztetxeko txarteldegia zabalik; 3 euro balioko ditu txapelketako sarrerak.
Lana. Urtarrileko saioa Gazte Asanbladak urtean antolatzen duen ekintza handienetakoa izaten da. Hala, asanbladako kide eta saioa antolatzeko batzen zaien lantaldeak hileak daramatza batzarrez batzar. “Gidoia, kokapena, gaiak, mozorroak, afaria eta apainketaz arduratzen diren lantaldeak osatzen dira. Egun bateko saioak askoren lan asko eskatzen du”, azaldu dute.
Hala ere, emaitzak ematen die aurrera egiteko sostengua. Izan ere, Akerbeltz Txapelketa izaten da urteko ekintzarik jendetsuena bai eta jendeak hobetoen baloratzen duena ere.