Lekeitioko Mendieta ontziolan eraikitako azken-aurreko itsasontziak nabigatzen jarraituko du. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak
106.802 euroko diru laguntza eman dio
Albaola Itsas Kultur Faktoriari Ozentziyo arrantza ontzia zaharberritzeko eta tresneriaz hornitzeko. Diru laguntza horrek bultzada berria emango dio Albaolak 2015ean Irizar autobus enpresaren laguntzagaz atunontzia berreskuratzeko abian jarritako proiektuari.
Albaola Faktoriaren helburua euskal itsas eta kultur ondarea hedatzea da, eta, ildo horretatik konpondu nahi dute
ondare balio handia duen arrantza ontzia. Izan ere, egurrezko euskal arrantza ontzi tradizionalen azken ontzietako bat da Lekeition egindakoa.
Lekeitioko Mendieta ontziolan eraiki zuten Ozentziyo itsasontzia, nabigatzen. Argazkia: Albaola
Ozentziyo egurrezko ontzia
1990. urtean eraiki zuten gaur egun erortzeko zorian dagoen Mendieta ontziolan, eta Gipuzkoan hegaluzea arrantzatzeko erabili den zurezko azken arrantza ontzia da. Hala, arrantza ontzi hori 24 urtez ibili da lanean zenbait itsasotan eta kalatan: Bizkaiko Golkoan, Mediterraneoan, Azoreetan, Irlandako kostaldean…
Eusko Jaurlaritzak 106.802 euro eman dizkio Albaolari ontzia eraberritzeko
Albaolari eta Jaurlaritzaren laguntzari esker uretan mantendu ahal izango da itsasontzia, baina arrantzaz bestelako erabilera izango du. Jaurlaritzak azaldu duenez, helburua Albaola elkartearen lanari esker itsasontzi horrek bere egiturari ahalik-eta zorrotzen eustea da, ikasle edo elkarte horregaz lotuta daudenei mota horretako arrantza ontziak erakutsi eta azaltzeko, apurka-apurka mota horretako itsasontziak
desagertzen ari dira-eta euskal kostaldetik.
Ozentziyo zaharberritzeko lanen zati bat eginda dauka Albaolak. Hala ere, ontzia doitzeko hilabete batzuetako lana daukate oraindik. Itsasontzia zaharberritzeko proiektuak brankako gela aldatzea eta zazpi pertsonentzako gela bihurtzea, txopako gela biltegi bihurtzea eta egoera txarrean dagoen egurra aldatu eta egitura hobetzea hartzen ditu bere baitan. Horrez gain, makineria-danborreko etxola handitu eta sukalde bat jarri dutela eta herdoilduta zeuden brankako eta txopako mastak konpondu dituztela aurreratu dute proiektuaren sustatzaileek.
Handiagoa. Iñigo Puerta kazetariak Ozentziyoren patroi izan diren Puerta arrantzale familiari buruz Itsas Memoria. Euskal Herriko Itsas gaiak aldizkarirako idatzitako Una familia, el Muelle donostiarra y la mar erreportaje zabalean azaltzen duenez, 1990ean marraztu zituzten Ozentziyoren lehen planoak, eta eraikuntza sei hilabetez luzatu zen. Gero eta hurrunago zeuden arrantzalekuetara helduko zen ontzia nahi zuen Donostiako familia arrantzaleak, eta, beraz, ontzi handiagoa eskatu zuten.
Ontziaren egitura itsas artisautzaren bitxi bat dela dio Puertak. Guineatik ekarritako egurrekin muntatu zuten, batez ere ukola edo iroko oholekin. Jobalta eukaliptuz egin zioten, eta karel-gaina itsasontziaren zatirik garrantzitsuena, Afrikako ohola den elondoz egina dago.
Ozentziyo zurezko euskal arrantza ontzi tradizionalen azken ontzietako bat da
Baldintza gogorretan nabigatuko zuela jakinda, amulak txapa metalikoekin indartu zituzten, eta burdinezko zutoinak jarri zizkioten zubia eta popako egitura eusteko.
Ontzia uretaratzerako orduan, Karmengo Ama Birjina bat josi zioten proako amulan, eta ereinotz txorta jarri zioten ontziari popan. Familiak aurretik zeukan Zukuñagako Ama ontziak lagundu zion ureratzen. Zubia Bermeon muntatu ondoren abiatu zen itsasontzia Donostiarantz, eta han bedeinkapena hartu zuen itsasoratu aurretik.
Aldaola Itsas Kultur Faktoriak Ozentziyori buruz daukan web orrian ematen dituen xehetasunen arabera, 21,30 metro luze eta 5,49 metro zabal da, eta 54 tona ditu itsasontziak. Dimentsio ertaineko arrantzontzien tipologia dauka, legatz-ontziak baino handiagoa eta atunontziak baino txikiagoa. Azaltzen dutenez, mota horretako ontziak
erabilera anitzeko ontzi gisara diseinatuta daude, arrantza mota desberdinak egin ahal izateko: xerko sareak, tresmailo sareak, xaxia, eta amu-aparailuak.
Lanean jardun zuen bitartean, tunidoak (zimarroiak eta hegaluzeak) arrantzatzea izan da bere jarduera nagusia. Horregaz batera, tresmailoagaz merlenkaren, barbarinen eta beste espezie batzuen arrantzan ere jardun izan du, bai eta berdel arrantzan amuagaz eta arrastean alga bilketan ere. Beti ere, soilik arrantza era artisauak eta jasangarriak erabili izan ditu.
2014an irten zuen arrantzara azkenengoz.
Mendieta. Ozentziyok izandako zorte bera izan dezake epe laburrean itsasontzia eraiki zuten Mendieta ontziolak ere. Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Lekeitioko Udaleko ordezkariak Madrilgo (Espainia) Ministerioan egon ziren joan den astean, ontziolaren egoeraz hitz egiteko.
Mendieta ontziola. Argazkia: Lekeitioko Udala
Monumentu izendapena daukan ontziola
erortzeko zorian dago, eta berreskuratu eta erabilpen publikoa ematea dute helburua. Hori lortzeko, baina, ezinbestekoa ikusten du Lekeitioko Udalak erakunde ezberdinen arteko elkarlana (foru aldundia, Eusko Jaurlaritza, Espainako Gobernua eta Lekeitioko Udala).
Elkarlan hori gauzatzen den bitartean,
egonkortzeko lanak egiten jarraituko dute, monumentua eror ez dadin. Hasierako fase batean, 35.000 euro inguru inbertitu zituzten egonkortze lanetan; aurtengo aurrekontuetan, berriz, beste
45.000 euro jarri ditu udalak egonkortzen jarraitu eta leheneratze eta erabilpenaren proiektua egiteko. Monumentua leheneratzeko zeinek dirua jarri eta bakoitzak zenbat jarri beharko duen eztabaidatzen ari dira momentu honetan.