Mutilen talde guztiek zapatuan jokatuko dute eta Mutriku Futbol Taldeko neskek, ostera, domeka arratsaldean. Jokatzen lehenengoa etxetik kanpo egingo duen bakarra izango da,
Berriatuko Futbol Taldea. Erketz Azkueren mutilak sailkapenaren azken postuan daude eta partidu garrantzitsua dute zapatukoa, sailkapenean lau postu aurrerago dagoen Lezama edukiko baitute aurrean.
16:00etan hasiko da neurketa Athletic Clubek Lezaman dituen kirol instalakuntzetan.
Ordu erdi beranduago jokatuko dute
Aurrera Kirol Elkarteak eta Mutriku Futbol Taldeak, biek etxean. Ibon Lopezen mutilek sei partidu daramatzate jarraian irabazita eta hurrengo bi neurketak ere etxean jokatuko dituzte. Multzoko talde gogorrenetako bat edukiko dute aurrean zapatuan, Erandio. Ibon Lopez entrenatzaileak aitortu du partidu zaila izango dela eta zaleen babesa eskatu du. Mutrikuko mutilek, aldiz, Real Union B taldearekin jokatuko dute San Migelen. Orain
Aitor Vicente entrenatzailearen gidaritzapean dago taldea eta iragan astean hasiera ezin hobea eman zion etapa berriari, garaipen batekin. Irundarrak sailkapenaren azkenaurreko postuan daude eta mutrikun irabaztera derrigortuak daude.
Julen Fernandez Aurrerako jokalaria Loiuko atzelariengandik ihes egin nahian. Argazkia: Aurrera KE
17:00etan Artibaik eta Lekeitiok jokatuko dute. Markina-Xemeindarrek iragan astean AbadiƱon lortutako berdinketa ona egiteko asmoagaz zelairatuko dira Barroetako berdegunera. Loiola Indautxu talde bilbotarra edukiko dute aurrean, Lekunberriren taldeak baino 10 puntu gehiago dituena sailkapenean. Baina Artibai
urrundu da jaitsiera postuetatik eta horrek ematen duen lasaitasuna baliatuz edozein talderi aurre egiteko gai direla erakusten ari dira.
Lekeitio Futbol Taldeak sailkapeneko azken postuan dagoen Busturiaren aurka jokatuko du Larrotegin. Iragan domekan 3-6 irabazi zuten Zaldibarren, partidu zoro batean. Orain, hirugarren partidua jarraian irabaztera aterako dira, igoera postuetara gerturatzeko asmoarekin.
Jokatzen azkena
Mutriku Futbol Taldeko nesken taldea izango da. Domekan arituko dira San Migelen, 17:30ean Urolaren aurka. Iragan astean hasi zuten ligako bigarren fasea den kopa txapelketa Zumaiako mendean hartuz, eta domekan beraiek bezala ligako fase berria garaipen batekin hasi zuen talde zumarragarrari egingo diote aurre.
Lekeitiok iragan astean Zaldibarren zelairatutako hamaikakoa. Argazkia: Leartigol