Etxerat elkarteak esan du preso gaixo larri ondarrutarra bihar [urtarrilak 19] 16:00etatik aurrera iritsiko dela Arrasateko Aita Menni ospitalera, beraiek daukaten informazioaren arabera. Gaineratu dute Arrasatera lekualdatzeko prozesua “gogor” salatu nahi dutela, “Ibon modu zuzenean
anbulantzia batean Arrasatera ekartzea baztertu dutelako“. Gogora ekarri dute Ibon Iparragirreren egoera “
hil ala bizikoa” dela.
Espetxe Zaintzako epaile Jose Luis Castrok espetxe arautegiaren 102.2 artikulua aplikatu eta Iparragirre Aita Menni ospitalean sartzeko asmoa duela eta, Etxeratek “kezkaturik eta haserre” dagoela esan du, “berriz ere ankerkeriaz jokatzen ari direlako, Ibonen lekualdatzea luzea eta gogorra izatea eraginez”.
Ibon Iparragirre bere aita bisitatzera ekarri zuten unea.
Etxerateko kideek euren babesik handiena erakutsi nahi izan diete Ibon Iparragirreren ama Anjelita Burgoari eta baita bere anai-arrebei ere. Esan dute Ibonen egoera hobetzeko lanean eta ahaleginean jarraituko dutela. Ez dituzte ahaztu nahi izan gaixotasun larriak dauzkaten beste 21 euskal presoak eta haien senideak ere.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaur goizean irrati baten bidez esan du Ibon Iparragirre presoa Euskadiko
ospitale batera ekartzea logikoena dela. “Zuzenena da bai giza ikuspuntu batetik eta baita ikuspuntu humanitariotik ikusita”. Gaineratu du preso dauden pertsonek eskubideak dituztela, besteren artean familia bizitza egiteko eskubidea, eta erakundeen eginbeharra dela eskubide horiek betetzen direla bermatzea.
Espainiako Gobernua mugitu egin behar da presoak hurbiltzeari dagokionez. Baina
EPPK-k ere urratsak eman behar ditu eragindako mina aitortzerakoan era indarkeria arbuiatzean.
Elkarretaratzea. Iparra Galdu Baik plataformak jakitera eman du domekan [urtarrilak 21] elkarretaratzea egingo dutela 13:00ean Ibon Etxea! Bixik! lelopean. Domekero ari dira elkarretaratzea egiten, Iparragirre etxera ekartzea eskatuz, bere eskubidea delako.
HONEKIN LOTUTA: Iparragirre Alcala Mecotik atera zuten atzo (abokatuaren + amaren berbak)