Lekeitioko 2018ko aurrekontua EAJren aldeko bozkekin eta EH Bilduren kontrakoekin onartu da. Udal Gobernuak onartutako emendakin kopurua gutxi dela iritzita eta aurrekontuen inguruko prozesuaren lanketak aurten ere arloz-arlo egin ez direla ikusita,
ezezko bozka ematea erabaki zutela azaldu du Lekeitioko EH Bilduk. “Akatsez betetako prozesua bizi izan dugu aurten ere. Herren geratu da eta oso iluna izan da arlo askotan”.
Urte osorako udalaren funtzionamendua baldintzatzen duten heinean, aurrekontuak direla diote “udal funtzionamendurako
erabaki garrantzitsuenetakoa“, eta Parte Hartze batzordea sortu zen momentuan, aurrekontuen prozesuaren oinarrizko diseinu bat planteatu zela azaldu dute. “Hasteko, batzorde bakoitzak, hurrengo urte osorako ekintza plangintza egingo luke; plangintza horretan oinarrituta, arlo horrek behar dituen partida ekonomikoen aurreikuspena egingo litzateke; proposamen horiek ogasun batzordean jaso eta landuko lirateke eta batzorde horrek egingo luke proposamen osoaren enkaje-lana. Behin behineko zirriborroa, batzordeetara bueltatuko litzateke, oposizioarekin eta herritarrekin partekatzeko, idatzizko euskarriez gain, aurrez aurreko eztabaiden bidez. Eta behin azken iradokizunak jasota, gobernuaren proposamena prest egongo litzateke Osoko Bilkuran eztabaidatzeko”.
Lekeitiarrak Zabaldu ideien iturria parte hartze prozesuko batzar batean.
Hori dela eta, udal aurrekontuen prozesuaren diseinua eta plangintza egiteko foroa
Parte Hartze batzordea dela ulertzen dute, eta batzordearen urteko zeregin nagusietako bat dela aurrekontuena. “Joan den hilabeteetan, eta aurrekontuen prozesuari lotuta, batzorde bakarra egin da. Udal teknikaririk ere ez zen egon batzorde horretan, eta jada egindako plangintza bat aurkeztera mugatu zen saioa”.
Hilabete askotan, beste batzorde asko ere ez dela batu gaineratu dute. “Kultura edo Garapen Ekonomikoa bezalako batzorde garrantzitsuak, adibide pare bat ematearren, ez dira batu urteko plangintza edo aurrekontuen inguruan berba egiteko. Herritarrek ez ezik, oposizioak ere ez daki arlo batzuetan 2018rako egin nahi diren egitasmoen berri”.
Hirugarren urtea. Lekeitioko EH Bilduk
kritika bera egin du azken bi urteetan, eta EAJren
erantzun bera izan dutela azaldu dute: “Hobetzeko moduko aspektuak egon izan direla prozesuetan eta konponduko liratekeela hurrengo urtera begira. ?Gobernuak konpromiso hori hartzen zuela. Zoritxarrez, hirugarren urtea da akats berberak errepikatzen. Eta aurten ere erantzun bera jasotzen ari gara”.
EH Bilduren ustez, udala
gero eta itxiago dago herritarren parte hartzeari begira. “Parte-hartze itxura ematean oinarritzen den irudi estrategia bat besterik ez du, despotismoz eta alde bakartasunean oinarritzen diren erabakiak hartu ahal izateko”.
Horren aurrean, EH Bilduk aurrekontuen inguruko ekarpen zehatzak egin dituela esan du. “Ia 100.000 euroko kantitatea betetzen zuten proposamenetatik, 12.000 euroko partida moldaketa besterik ez zaio onartu”. Beraz, aurrekontuei ezezkoa eman ondoren, urte osoan egitasmoak bultzatzen jarraituko dutela gaineratu dute, EH Bilduren programaren arabera.
HONEKIN LOTUTA: Udal aurrekontuen onespena