Hilabetero egin ohi du
Debaldeako LAB sindikatuaren ordezkaritzak euskal preso eta iheslarien aldeko ekimenen bat eskualdeko herri ezberdinetan eta gaur goizean [urtarrilak 25] Mutrikuko Goiko Plazan batu dira;
preso eta iheslariek pairatzen duten “egoera bidegabea” salatu dute: herritik urrun egon behar izatea, hamarkadetako herbestealdi eta kartzelaldiak jasatea, preso batzuk larriki gaixo egotea…
Goiko Plazako eskaileretan egin dute LABek deitutako elkarretaratzea.
LABeko ordezkariek esan dute “presoen kaleratzea eskatzeko
geroz eta konplizitate gehiago” ari direla eraikitzen. Adibidetzat jarri dute sindikatu guztiek preso gaixo larriak askatzea exijitzeko sinatu duten manifestua, “salbuespenik gabe”. Gaineratu dute Euskal Herrian adostasunak jorratzea dela bidea,
eragile sindikal, sozial eta politiko desberdinen artean. Ipar Euskal Herrian egin duten bidea dela esan dute, eta “gizarte zibilaren bultzadaz bada ere, Frantziako Gobernuaen aldetik urrats batzuk emateko borondatea” agertu dela.
Espainiako Gobernuak erakutsitako jarreraren aurrean, esan dute “gehiengo zabal batek adostasunak eraikitzen baditu” gobernu espainiarra ere “derrigortuko” dutela
urratsak ematera. “Urte erabakigarria izan behar du aurtengoak preso eta iheslarien etxeratzea bideratzeko”.