Lekeition odola oso pertsona gutxik ematen dutela ikusita, Zerbikas proiektuari jarraituz, herriari zerbitzu solidario bat eskaini eta behar horri erantzun bat eman nahi izan diote aurten R.M. Azkue ikastolako DBH2ko ikasleek. Horrela, herriko odol emaile kopurua handitzeko
sentsibilizazio kanpaina bat jarri zuten abian, eta, bide batez, odola emateak daukan garrantzia ezagutu dute.
Lekeitioko odol emaileen kopurua handitzeko egin duten proiektua aurkeztu dute R.M. Azkue ikastolako ikasleek.
Kanpaina aurrera eramateko, hainbat ekintza burutu dituzte. Gaian sakontzen hasteko,
Eli Bengoetxea erizaina eta
Marijo Artola biologiako irakaslea gonbidatu zituzten, eta, ondoren,
Xabier Txakartegi Lekeitioko Odol Emoileen Elkarteko lehendakariagaz batu ziren, herriko egoera ezagutzeko. Informazioa jasota, eta kanpaina zelan bideratu zehaztu asmoz,
Alejandra Goikoetxea kazetariagaz bildu eta kanpaina gauzatzen hasi ziren.
Kanpaina. Ikastolatik bertatik hasi zuten sentsibilizazio kanpaina. Horrela, ikastolako ikasleentzat PowerPoint batzuk prestatu zituzten proiektuaren berri emateko, eta horregaz batera,
inkesta batzuk banatu zituzten ikastolako gurasoen artean, odol emaileak zenbat ziren jakiteko. Datu horiek guztiak jasota, herriratzen hasi ziren kanpaina, eta horretarako
kartel batzuk itsatsi zituzten kaleetan zehar. “Lehenengo karteletan informazio gutxi jarri genuen, eta asteak pasatu ahala informazioa gehitzen joan ginen herritarrengan interesean eragiteko”.
Horrez gain, hilean behin odol emaileen elkarteak egindako kartelak ere itsatsi dituzte herrian, eta azken hilabeteetan, informazioa eskaini dute Eskolapean dagoen pantailan, udalaren baimenagaz. “Elkarrizketa batzuk ere egin ditugu odol emaile eta hartzaileen esperientziak ezagutzeko, eta esperientzia horiek grabatu eta zinema aretoan egon dira ikusgai”.
R.M. Azkue ikastolako ikasleak, irakasleak, udal arduradunak eta Lekeitioko Odol Emoileen Elkarteko lehendakaria, proiektuaren aurkezpenean.
Emaitzak. Ikasleek egindako lanak izan du erantzuna; Xabier Txakartegik eman dizkien datuen arabera, emaile kopurua igo egin da: 2016an zortzi lagun berri hasi ziren odola ematen, 2017an beste hamar eta 2018ko lehen hilean beste
zazpi. “Espero dugu kopuru hau igotzen joatea”, adierazi dute gazteek, eta hile bukaeran herritarrak autobusera odola ematera joatera animatu dituzte.
Lekeitioko Odol Emoileen Elkarteko lehendakariak ikasleek egindako lana
eskertu du. “Urtearen lehen hilabetean zazpi emaile berri egotea ez da sarri gertatzen”, nabarmendu du Txakartegik. Gaur egun, 300 odol emaile inguru daude Lekeition, eta berrien premia azpimarratu du herriko odol emaileen elkarteko lehendakariak, ikasleek egindako lanaren garrantzia berretsiz.